Bidegorria argiztatzeko, bi eguzki farola jarri dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2018ko eka. 14a, 09:00

Eguzki farolak bidegorrian. EKIONA

Eskoriatzako Udalak eguzki-energia fotovoltaikoaren aldeko apustua egin du, eta Aingeru Guarda eta Kuatruena arteko bidegorrian dagoeneko jarri ditu bi eguzki-farola. Aurrera begira, gehiago jarriko dituzte, ibilbide osoan argiztapena izan dadin.

Aingeru Guarda eta Kuatruena arteko bidegorri zatiko lanak amaituta, argia aurreztearen aldeko apustua egin du Udalak, bertatik pasatzen diren herritarren segurtasuna bermatzeko. Izan ere, bidegorria hasi eta amaitzen den tarteetan bi eguzki-farola jarri dituzte.

Bidegorria argiztatzeko led motako argiteria, karga-erreguladorea, argi-poluzioa saihesteko presentzia sentsorea eta ILUMEK telekudeaketa sistema dituzten bi eguzki-farola ipini dira. Eguzki argiztapen instalazio horrekin, elektrizitatea aurreztuko da, eta, gutxi barru, bidegorrian zehar eguzki-farola gehiago ezarriko dira, zanga edo kanalizaziorik egin behar gabe bide osoa argituta egon dadin.

Ahalik eta gehien aprobetxatuz

Eguzki-argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko helburuarekin, energia hori baterietan metatzen da eta karga erregulatzaileari esker bateriaren karga eta deskarga zikloak kontrolatzen dira. Era horretan, mugaz gaindiko kargak eta deskargak ekiditen dira, bateriaren bizi iraupena asko luzatuta.

Puntako teknologia

Ekiona Eguzki Argiztapena enpresa arduratu da eguzki farolak jartzeaz, eta bertan garatutako zentralita elektroniko bat gehitu diote sistemari. Zentralitak, gainera, telekudeaketa bidez luminariaren pizte eta itzaltze zikloak, bateriaren egoera eta eguzki panelen jenerazioa kudeatzen ditu.

Telekudeaketa sistemaren bitartez eguzki-farolak beren artean eta sarearekin komunikatzen ditu. Aplikazio horri esker, eguzki-farola bakoitza kontrolatu eta farolaren datuak irakurri daitezke. Ondorengo abantailak ditu: farolen argiztapen mailaren kontrola, bateriaren karga eta deskarga prozesuen kudeaketa eta kontrola, egun eta gau antzemate automatikoa, egutegi eta ordutegiaren araberako argiztapen kudeaketa eta software eta firmwarearen eguneraketa automatikoa saretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak