Zapatuan, 11:00etatik aurrera, Bizi Erroma ekimena gauzatuko da Ibarraundi museoaren kanpoaldean. Bertan, Erromatar Berantiar garaiko kanpamentu bat muntatuko dute, legionario talde baten larruzko denda erreplika bat eginda. Gainera, denda ondoan, garaian erabiltzen ziren armak, tresnak eta bestelako gailuak egongo dira ikusgai. Hala, beraien egunerokoa, egiten zituzten entrenamenduak eta ohiturak ikusi ahal izango dira, eta bertaratzen direnek azalpenak jasoko dituzte.
Era fidelenean berreraikiz
Cohors Prima Celtiberorum elkarteak, Erromatar Berantiar garaiko historia eta ondare historikoa, ikertzea, hedatzea, berreskuratzea eta berreraikitzea du helburu –Kristo ondorengo III. mende bukaeratik V. mendera arte–. Horretarako, berreraiketa historikoaren bitartez, erromatar garaiko ohiturak, janzkera eta bizimodua ahalik eta era fidelenean berreraikitzen dituzte, arkeologi-aztarnek eta garaiko hainbat iturrik eskainitako informaziori esker.
Garaiko janzkeraz gain, taktika militarren erakusketa eta azalpena eskainiko dute. Erromatar unitate militarrek Antzinaroan erabiltzen zituzten babeserako eta erasorako hainbat mugimendu militar ikusteko aukera izango da.
Hainbat ekintza
Abiapuntutzat Atxorrotxeko indusketetan aurkitu diren Erromatar garaiko aztarnak izanda, Cohors Prima Celtiberorum elkartearen lana eskoriatzarrei eta interesa duen edozeini erakustea da asmoa. Honela adierazi du Oscar Escribano Txapelek, Cohors Prima Celtiberorum elkarteko kideak: "Ezagutza horiek jendarteari helarazten zaizkio ekintza desberdinen bidez: erakusketak, umeentzako tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak, argitalpenak, dokumentalak… parte-hartzaileak iraganaz interesa hartzera eta gozatzera gonbidatuz".