Hala, mailaz maila, honako hauek batu zituzten: liburutegian, ludotekan eta kultur etxean ura aurrezteko gailuak jartzea, gaizki dauden iturburuak konpontzea eta ingurua zaintzea, Iturburu bakoitzean uraren informazioa egotea eta errekak ez zikintzeko zakarrontzi gehiago jartzea, besteak beste.
Azterketan batutako guztiekin, proposamen hauek egin zizkieten herriko eskoletako ordezkariek udalbatzako kideei: etorkizunean legea betearaztea hormak egin behar direnean, landaretza irtetea onartzen dutenak izan daitezela, harrizkoak, Udalak lurralde antolamendua egiten duenean erreka kontuan hartzea eta lurra zigilatzen ez duten zoruak ipintzea… Ostean, ikasleek adierazi zuten konpromiso batzuk hartuko dituztela: ura aurrezten saiatuko direla, errekak garbitzeko konpromisoa hartuko dutela eta hondakinak behar den tokira botako dituztela, besteak beste.
Horren harira, Joserra Zubizarreta alkateak honela erantzun zien: "Gure esku daudenak betetzen saiatuko gara; hala ere, gutariko bakoitzak gutxiago zikintzen saiatu behar du, errekak garbiago izateko…".