Saihesbidea itxita dago guztiz, azpitik pasatzen den errekak hondoratu egin dituelako Lete auzorako bidea eta GI-627 errepidea. Foru Aldundiak Ertzaintzarekin eta Eskoriatzako Udalarekin krisialdiko batzarra egin ostean erabaki zuen GI-627 errepidea ixtea. Errepidearen euste lanek bi aste inguru iraungo dutela aurreikusten zuten, hasiera batean, baina lanak nola egin eztabaidatzen ari dira, noiz amaituko dituzten oraindik jakin barik.
Lehentasuna, saihesbidea
Lehentasun nagusia saihesbidea egonkortzea dela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Lanek irauten duten bitartean bailara osoari eskatu nahi diogu jarri ditugun oharrei kasu egiteko. AP-1 errepidea erabili beharko da, eta Gatzagara joateko arazorik ez da izango, baina Eskoriatzako herri barrutik pasa beharko da".
Une kezkagarriak
Apirilaren 11n hondoratuta agertu zen Lete auzorako bidearen hasiera. Bada, aurreko asteko egubakoitzean gaiztotu egin zen egoera. Erreka pasatzen den hodia itxi egin zen, eta horrek presa sortu zuen Elorreta eta Sorautz artean.
Buru-belarri jardun dute Aldundiko langileek arazoari konponbidea topatu nahian; hau da, errepidearen azpitik doan erreka bideratu nahian. Eta egubakoitz arratsaldean hodia garbitzea lortu zuten, ura handik pasatu ahal izateko. Ez zen lan erraza izan, hodi asko, tartean gasarenak, argindarrarenak eta telefonoarenak, pasatzen dira-eta handik, eta horiek guztiak saihestu behar izan zituzten. "Egia da, ikusi egiten genuen etor zitekeela, baina ez hain azkar. Badaroagu Aste Santu aurretik Diputazioarekin elkarlanean gertatu dena birbideratzeko. Orain arte, nahiko kontrolatua joan da, baina egubakoitz goizean, 09:30 aldera, errepide guztia hondoratu zenean, gauza guztiak azeleratu genituen".
Jose Arana bidea, zabalik
Lanok iraun bitartean saihesbidea itxita izango dela iragarri dute. Ondorioz, zirkulazio guztia AP-1 autobidetik desbideratuko dute, eta, era berean, inguruko herritarrek –Eskoriatza eta Leintz Gatzaga– herri erditik pasatu beharko dute. Horrez gain, plaza aurreko oinezkoentzako eremua kendu egin dute, eta autobusak eta kamioiak bertatik pasa ahalko dira; izan ere, bi noranzkoetara zabaldu dute. Horrekin batera, Laboral Kutxa pareko zamalanetarako gunean ezingo da aparkatu.