Urteen poderioz Eskoriatza aldatuz doa, eta hainbat herritarrek ez dute ezagutzen gaur egun existitzen den Eskoriatza. Hala, haiek ezagutu dezaten, eta herriko nagusiek lehengo garaiak eta herria nola zegoen birgogoratzeko, Eskoriatza atzo eta gaur erakusketa antolatu dute Ibarraundi museoan. Astelehenean irekiko dute erakusketa, eta maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik, nahiz eta maiatzaren 1ean museoa itxita egongo den.
Eskoriatzako argazki zaharren erakusketan, XX. mende osoko argazkiak egongo dira; zaharrenak, 1914koak. Lehengo eta gaur egungo argazkiak alderatuta Eskoriatzako hainbat txokok izandako aldaketak ikusi ahal izango dira. Honela adierazi du Aitor Antuñanok, Ibarraundi museoko teknikariak: 84 argazkiz osatutako erakusketa honetan, 42 argazki bikote izango dira ikusgai. Artxibo ezberdinetatik hartu ditugu; Eskoriatza iruditan webgunetik eta Gure Gipuzkoa artxibotik".
Herriko txokoak
San Juan kaleko etxeen antolaketa, Arbiñoste inguruko fabrikak, San Pedro auzoko futbol zelaia eta larreak eta elizateetako tren geltokiak dira aldaketa handienak izan dituzten tokietako batzuk. Hala ere, itxuraz nahiko antzerakoak izan arren, beste toki batzuk ere aldatu dira. Argazki horien bitartez, herriko kaleei begiratuta, arkitekturan, hirigintzan, ohituretan edota jendea janzteko moduan izandako aldaketak ikusteko aukera izango da.
Panel informatiboak
Erakusketa bere osotasunean azalduko da, eta argazki guztiek azalpena izango dute; batez ere, data eta non ateratakoa den adierazten da. Erakusketaren ordutegia honako hau da: goizez, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara.