Martxoaren 8ko aldarrikapenarekin bat

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mar. 1a, 12:44

Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) adierazpen instituzionala eta Irabazi Eskoriatzak aurkeztutako mozioa batuta, Eskoriatzako Udalak akordio batzuk hartu zituen otsaileko osoko bilkuran, eta Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin du.

Otsaileko osoko bilkura egin zuten martitzenean, Eskoriatzan, eta tratatu zituzten gai guztietatik azpimarragarriena Irabazi Eskoriatzak gai zerrendara gehitu zuen adierazpen instituzionala izan zen. Mozio horretan, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiten dutela adierazten duten hainbat puntu onartu zituzten, aho batez, udal talde guztiek.

Eskoriatzako Udalak honako akordio hauek hartu ditu martxoaren 8ari begira: mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du; bandera feminista udaletxean jarriko du; konpromisoa hartzen du sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzeko, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko; konpromisoa hartzen du bere eskumenen alorrean zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen laguntzeko, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin; genero ikuspegia duten udal politikak garatzeko konpromisoa hartzen du; konpromisoa hartzen du balioen transmisioa azpimarratzeko, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen,. Horren harira, hau adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Aurreko urteetan moduan, Eudeleko adierazpen instituzionala onartu dugu, eta horren arabera udal bezala jokatu. Aurten, adierazpen instituzionalaz gainera, Irabaziren mozioa genuen, eta osoko bilkuraren aurretik bozeramaileen mahaia egin dugu, eta biak batzea erabaki dugu, aho batez onartua izan dena".

Martxoaren 8ko ekintzak

Gizarte Zerbitzuek antolatuta, kontzentrazioa egongo da plazan, 18:00etan; ondoren, Frida antzerkia izango da, 19:00etan, Zaldibarren. Eta Talogileak taldekoek kantu-poteoa antolatu dute emakumeen aldarrikapen horiek plazaratzeko. "Kontzentraziora, emakumeez gain, gizonezkoak gerturatzeko dei egin nahiko nuke… eta honekin batera datozen ekintza guztiak ongietorriak izango dira".

Deialdia, lehenbailehen

Aho batez onartu zituzten puntu guztiak, bat izan ezik. EH Bildu abstenitu egin zen garatuko diren kultur programa eta jardueretarako diru laguntzak emateko oinarrien aldaketa onartzeko puntuan. "Estatuko delegatuak Eskoriatzarekin fijazioren bat daukan edo ez dakit, baina behin eta berriz ari zaigu zirikatzen, eta kontu handiz idatzi beharreko oinarri batzuk dira, bestela epaitegietara-edo pasa gaitezke… Hori egokitzeko, gure helburua da ahalik eta lasterren deialdia egitea herriko entitate guztiak jakitun egoteko zenbat dirurekin kontatu dezaketen urtean zehar".

Adierazpen Instituzionala

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an, “Emakumeok planto!” leloaren pean errepikatuko da.
Munduko populazioaren erdiak baino gehiagok, emakumeek, jasaten duen ezberdintasunak, bazterkeriak eta egiturazko indarkeriak salatzeko deialdia da, baina, baita gizarte eredu justu, demokratiko eta berdinzalea aldarrikatzeko ere. Emakumeen lanak gure gizartean duen eragina ikusarazteko eta lan hori aitortua izan dadin eskatzeko greba. Beraiek gabe mundua erortzen dela, gelditzen dela, erakutsiko duen greba.

Lanean

Soldata bereizkeria da emakumeen eta gizonen arteko bereizketa gizartean “errepikatu eta iraunarazten duen” faktoreetako bat. Mundu osoan, emakumeek gizonezkoen soldataren % 60 eta 75 artekoa bakarrik irabazten dute balio bereko lanetan. Kalkulatzen da Euskadin, gaur egun, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea 7.551 eurokoa dela urtean.
Lan-bereizketa da bereizkeria mota horretako jatorrian dagoen faktoreetako bat, emakumeak lan mota zehatz batzuetara zokoratzen dituelako edo lidergo postuak hartzea galarazi. Bereizketa horren ondorio dira emakumeentzako lanpostutzat jotzen direnak, ezegonkortutako lanaren edo, areago, ezkutuko ekonomiaren parte direnak.
Askotan, emakumeek malgutasun handiagoko lanak onartu behar dituzte lanaren eta familiaren beharrak orekatzeko, eta horrek ere laguntzen du aipatutako lan-bereizketan. Ondorioz, gehiegizkoa da munduan aldi baterako lanetan ari diren emakumeen portzentajea. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan aldi baterako lanen % 80tik gora emakumeek egiten dituzte.
Emakumeak dira nagusiki zaintzarengatik baimenak eta eszedentziak hartzen dituztenak (10etik 9 emakumeek hartzen dituzte), eta horrek beraien garapen profesionala mugatu eta beraien eskubideak eta gizarte laguntzak murrizten ditu.
Eta ez dezagun ahaztu emakumeak direla pentsio txikienak jasotzen dituztenak.

Eta zer gertatzen da ordaindu gabeko lanarekin?

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak…) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.
Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin horien orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.
Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere.
Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.
Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Arrazoi horiengatik eta askoz ere gehiagorengatik, mozio hau aurkezten dugu Udalbatzarrak ondorengo erabakiak har ditzan:

ERABAKIAK
Eskoriatzako Udalak:

  1. Dei egiten dio gizarte osoari martxoaren 8a dela-eta eragile sozialek deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.
  2. Konpromisoa hartzen du bandera feminista udaletxean jartzeko.
  3. Konpromisoa hartzen du sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzeko, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.
  4. Konpromisoa hartzen du bere eskumenen alorrean zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen laguntzeko, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.
  5. Konpromisoa hartzen du Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatzeko.
  6. Konpromisoa hartzen du balioen transmisioa azpimarratzeko, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak