Eskoriatzako Udalean ez da bihar grebarik egingo

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 27a, 12:25

ELA eta LAB sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte EAEko udal eta aldundietan biharko, otsailak 28.  Arloko lan baldintzak duintzea, dagoen lana egonkortzea eta, batez ere, pribatizazioak gelditzea eskatzen dituzte. Eskoriatzako Udaleko langileek asanbladan bildu eta bozketa bidez erabaki dute lanuzterik ez egitea; beraz, greba deialdiak ez du eraginik izango Udal honetan.

Hemen LAB eta ELA sindikatuen oharra, bere osotasunean:

UDAL ETA FORU ALDUNDIETAN... LANGILEOK BORROKAN

Datorren otsailaren 28an, 4 orduko lanuztea deitzen dugu ELA eta LABek, lan baldintzen alde, enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzeko eskatuz

Azken urteotan lanpostu ugari galdu da Udal eta Foru administrazioan. Hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe eta zerbitzu osoak pribatizatuz, administrazio paralelo bat sortzen.

Gainera, betetzen diren lanpostuak, behin behineko langilez betetzen dira eta pribatizazioak okertzen ditu langileen lan baldintzak beti. Enpresari batzuek etekin ederrak lortzen dituzte eta herritarrok zerbitzu publiko horiek berdin edo garestiago ordaintzen ditugun bitartean.

Eremu publiko honetako langileen %36 behin-behinekotasun egoeran dago, EUDELek berak aitortzen duenez, Udalhitz hitzarmenak, behin-behinekotasuna, gehienez ere %6ra mugatzen duenean.

Aipatu Udalhitz hitzarmena 2008. urtean sinatu zen azken aldiz 2008-2010 urteetarako. Hala ere 2018an bete gabe dago eta gainera, gure instituzioek ez dute berau betetzeko inolako borondaterik erakusten. Foru aldundietan ere ez dira betetzen sinaturiko hitzarmenak eta negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen du.

Ez dago benetako Negoziazio Kolektiborik sektorean. Nahiz eta administrazioak akordioetarako borondatea behin eta berriz aitortu hedabideetan, mahaietan esertzen direnean ez da inongo borondaterik ikusten. Aukera guztiak mugatzen dira, kasurik onenean, Madrilek agintzen duenera. Beraz, praktikan, badirudi Madrilek gobernatzen dituela gure instituzioak.

Elkarlan hau izenpetzen dugun ELA eta LABek egoera hau salatu nahi dugu eta dei bat egin nahi diegu erakundeei ildo propio bat jorratzeko, herritarroi ematen zaizkigun zerbitzu publikoak bermatzeko eta hauek kalitatez emateko.

Horretarako, murrizketa politikak alde batera uztea eta zerbitzu publikoetan lanean dihardugun langileon lan baldintzak hemen erabakitzea ezinbestekoa da.

ELA eta LABek langileen indarrarekin, borrokari ekingo diogu eta besteak beste, hurrengo urratsak emanen ditugu:

• Udalhitzeko mahaian ez dugu parte hartuko negoziazio berri batean, azken Udalhitza betetzeko pausuak eta bermeak ematen ez diren bitartean. Era berean, dei egiten diegu bertan parte hartzen duten alderdiei beren jarrera eta borondateak publikoki argitu ditzaten: zergatik ez duten Udalhitz betetzen kudeatzen dituzten erakundeetan eta noiz beteko duten.
• Ildo berean, instituzioz instituzio negoziazio mahaiak zabaltzeko indarra egingo dugu. Gaurkoz, ez dago enplegua egonkortu eta sortzeko eta gure lan baldintzak hobetzeko beste esparrurik.
• Sektoreko langileak aktibatzeko lan egingo dugu eta datorren Otsailaren 28rako langile guztiak deitzen ditugu 4 orduko lanuztera.

ALDARRIKAPENAK
• Zerbitzu publikoak garatu.
• Suntsitutako Enplegu Publikoa berreskuratu eta egonkortu (behin-behinekotasuna <%6) • Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu
• Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu. Hitzarmenak bete.
• Ofentsibako negoziazio kolektiboak aktibatu instituzioetan.

Guzti hau bideratu eta udal eta Foru Aldundietan indar korrelazioa irabazteko, datorren OTSAILAREN 28an, 4 orduko lanuzte bat konbokatu dugu. Mobilizatuz, indarra erakutsiz, emango baitiogu gaur egungo egoerari buelta.

Gure lan baldintzen defentsan. Gure hitzarmenen defentsan. Enplegu publikoaren eta kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan.

Euskal Herria, 2018ko otsaila

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak