Denok batera herri bat eraikiz

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 22a, 12:30
Eskoriatza lagunkoia taldekoak bileran.

Eskoriatzako adineko pertsonek bultzatu eta Eskoriatzako Udalak babestutako ekimena da Eskoriatza Lagunkoia. Egitasmoaren helburua herritarren parte-hartzea sustatzea da; hala, iritzi ezberdinak batuz, herria hobetu nahi du taldeak.

Zortzi arlo aztertu dituzte Eskoriatza Lagunkoia taldea osatzen dutenek, eta, ekarpenak batu ondoren, herrira zabaldu nahi dute egitasmoa. Orain, diagnosi fasea amaituta, herritarren esperientziak jasoko dituzte lagunkoitasunari buruzko galdeketaren bidez. Horretarako azken eguna martxoaren 15a izango da, eta hona hemen bideak: Eskoriatzako webgunean dagoen loturaren bidez edo erretiratuen bulegoan, martitzenetan eta eguenetan, bete beharreko orria jasoz.

"Osasunaren Mundu Erakundetik (OME) datorren proiektu bat da Eskoriatza Lagunkoia, eta, hortik abiatuta, herri ezberdinetan ari gara lantzen. Honen helburua da hiri edo herri lagunkoiak egitea, eta proiektu honek bi funtzio ditu: zortzi arlo aztertuz herri hobea egitea eta, proiektuak dioen moduan, hitz egiten ikastea eta entzuten jakitea", adierazi du Jose Mari Kortazarrek, Eskoriatza Lagunkoia taldeko ordezkariak.

Bi hanka ditu proiektuak: batetik, Udalak protokolo bat bete behar du, ekimenarekin bat egiten duena. Bestetik, herria ordezkatzen duten hogei pertsona inguruko talde bat sortu dute, ideologia eta iritzi ezberdinekin, denak balizkoak izanik, eta errespetu osoz denak jasoz.

Aztertutako zortzi arloak

Ezaugarri horiek kontuan izanik, herria hobetzeko proiektu bat egiten ari dira zortzi arlotan banatuta: aire zabaleko espazioak eta eraikinak; garraioa; etxebizitza; parte-hartzea eta gizarte sarea; herritarren parte-hartzea eta enplegua; errespetua eta inklusioa; komunikazioa eta informazioa; eta gizarte eta osasun zerbitzuak.

Horiek aztertzeko, hamabost egunean behin batzen dira Eskoriatza Lagunkoia taldekoak, kultura etxean. "2016ko urtarrila ezkero, hamabost egunean behin batzen gara, eta, arlo bakoitza aztertzean, aktetan batzen duguna Udalari ematen diogu, zer egiten ari garen jakin dezaten…".

Herritarri zabalduz

Diagnosi fasea amaitu berri, Matia Fundazioak lagunduta dokumentu bat egingo dute, 70-80 galdera batzen dituena. Baina, horrekin batera, zortzi puntuetan batutakoa herritarrekin kontrastatu nahi dute, osagarri gisa.

"Debagoieneko Agijupens erretiratu eta pentsiodunen elkarteak deitu zuen Aretxabaletako batzarrean, Antzuolako alkateak adierazi zuen moduan, erretiratuek esaten duten guztiari ezingo diogu baiezko erantzunik eman… Hasiera batean, uste zuten 'etorriko zaizkit jubilatuak baldosa hautsita dagoela'… halako gauzekin, baina beste herri batzuetan erantzun ona ematen ari da ekimen hau, eta uste dut Eskoriatzako alkatea ere pozik dagoela gure lantaldea egiten ari denarekin. Hala, uste dugu ideia interesgarriak atera direla gure bileretan. Gero, aztertu egingo dugu posible den hauek gauzatzea, zer egin daitekeen, edo zer ez…". 

Udalarekin partekatuz

Proiektua guztiz osatu barik dagoen arren, Udalarekin bi hitzordu izan dituzte, ideiak partekatzeko. "Proiektua guztiz amaitzen dugunean, hobeto aztertuko dugu guztia. Bi modu daude egiten ari garena gauzatzeko: Udaleko norbait bileretan presente egonda, edo, guk aukeratu duguna, udal ordezkari barik; uste dugu forma libreagoa dela, baina akta guztiak beraiei bidaltzen dizkiegu". 

Hurrengo fasean murgilduta

Orain, lagunkoitasunari buruzko galdeketa jarri berri dute martxan, eta 18 urtetik gorako edozein eskoriatzarrek bete dezake, nahi izanez gero. "Oraingoz, Eskoriatzako ikastetxe guztietara bidali dugu galdeketa orria. Hala, herriko gurasoengana heltzeko. Formatu elektronikoan eta paperean betetzeko aukera dago, eta, horrez gain, udal webgunean ere badago lotura, eta Udaletik ere elkarte ezberdinei bidali dizkiegu, instituzio bezala erantzun dezaten". 

"Herritarrei, galdeketa betetzeko eskatu nahi diegu, proiektua hobeto gauzatzen laguntzeko. Fase hau amaitzean, eta proiektua entregatzean, taldeak erabaki beharko du lanean jarraitu edo ez; proiektuak milaka daude, eta gustura ari gara. Hori bai, orain bezala, errespetuz eta bakoitzaren ideia eta txandak errespetatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak