Kike Amonarriz: "Eskoriatzarrak batzea da lehen urratsa"

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 16a, 09:00

Kike Amonarriz.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko euskaldunak aktibatu nahi ditu Euskaraldia ekimenak, eta, horrekin lotuta, Kike Amonarriz izango da gaur, 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoarekin bat egingo dute Eskoriatzako hainbat elkarte eta eragilek. Hala, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte iraungo du ekimenak, baina, aurretik, Eskoriatzako Udalak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak elkarlanean antolatuta, Kike Amonarriz soziolinguista izango da gaur Zaldibar antzokian, 16 urtetik gorako euskaltzaleendako Eskoriatza herri euskalduna da? hitzaldia eskaintzen.

Zer eskainiko duzu gaurko aurkezpen hitzaldian?

Euskaraldia egitasmoa dela-eta hainbat hitzaldi egitea egokitu zait, egitasmoa aurrera bultzatuko duten taldeak sortzeko. Batez ere, nabarmentzen ditugun bideak dira: batetik, hainbat klabe emanda zergatik den euskararentzat momentu garrantzitsua adieraztea; bestetik, zein baldintza ditugun gaur egun halako egitasmo bat aurrera eramateko; eta gero, Euskaraldiaren ezaugarri nagusiak adieraztea. Oinarrian, gaur egun euskararen aldeko aktibazio soziala bultzatzea da helburua.

Zein formula erabiliko da horretarako?

Herritar batzordeak sortzea, herritarrak ahalduntzea eta formatzea, Euskaraldiak eskatzen duenaren inguruan. Bestetik, gizarte erakundeen arteko elkarlana sendotu nahi da. Kontuan izanik Euskaraldia ez dela urte bateko egitasmoa, datozen urteetan ere aurrera jarraituko duen ildo bat. Aurten, norbanakoak aktibatuz hasiko gara, eta gero, maila kolektiboan planteatuko da, erakunde, enpresa, eta abarretan.

Egitasmoaren helburu nagusia zein da?

Ohiko portaera linguistikoak aldatzea planteatzen da. Horrek zera esan nahi du: jende gehiagok jende gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz egitea. Hori hamaika egunetan zentratuko da, eta hamaika pertsonako taldeak osatuz. Alegia, pertsona bakoitzak aukeratuko ditu beste hamaika pertsona bere kultura linguistiko horiek aldatzeko. Hori modu ezberdinetan egin daiteke: era pasiboan edo aktiboan. Horretarako, ahobizi-ak euskaraz bizitzeko konpromiso aktiboa hartzen dutenak izango dira eta belarriprest-a, berriz, jarrera bat da; euskara ulertzen dutenek baina euskaraz hitz egiteko euren burua prest ez dutenak ikusten.

Egitasmo honekin euskaldundu daiteke?

Beste herri batzuetako esperientziek erakutsi digutena da aktibazio sozial honen bidez, egitasmoaren aurretik erdara hutsez garatzen ziren elkarrizketa eta situazio asko euskarara pasa direla , edo euskara ere, behintzat, erabiltzen dela. 

Kontzientzia bat egon arren, praktikan jarri beharra dago?

Bai; ikerketa guztiek frogatzen digute gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela. Alde egotetik egitera jauzi bat dago, eta jauzi hori errazago ematen da taldean, maila kolektiboan norberak bakarrik baino. Euskaraldiak pauso hori babestu nahi du.

Jendeak ilusioz hartu du egitasmoa?

Niretzat, sorpresa izaten ari da zenbat jende ari den hitzaldietara hurbiltzen. Horrek esan nahi du badagoela ilusio bat eta jendeak sumatu duela Euskaraldiak aukera berriak, metodologia berriekin, elkarlan berriekin eta sinergiarako aukera handiak sortzen dituela herrietan. Positiboa gertatzen ari da fase hau ere. Espero dut Eskoriatzan ere baliagarria izatea, horren beharrean gaude eta.

Gaur, egitasmoaren berri emango da. Hemendik aurrera, zer?

Eskoriatzako euskaltzaleak eta interesa dutenak biltzea da lehen urratsa, Euskaraldi indartsu bati ekiteko oinarriak jartzeko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak