Aratusteetan murgilduta

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 9a, 13:33

Luis Ezeizako arkupeetan, kantuan irten aurretik ateratako talde argazkia.

Atzo eman zieten hasiera Aratusteei herriko txikienek, Urdelardero egunarekin. Ziria eskuetan zutela kantuan aritu ziren herrian zehar. Zapatuan, berriz, egun handia izango da eta martitzenean kukumarroak izango dira Eskoriatzan, besteak beste.

Aratuste jaiei hasiera emateko, atzo, Ostegun Gizen, Urdelardero eguna ospatu zuten herriko ikastetxeetako haurrek. Baserritar jantzita irten ziren kalera, eskuan ziria zutela, barruan, txorizoa, ogi-zatiaeta sagarra sartuta. Eskolako haurrek Jose Arana zaharren egoitzara bisitatxoa egin zuten, urtero moduan, eta gero, Joseba Iñurrategi pilotalekuan batu ziren, kantuan egin eta txistor-pintxoak jateko. Aurten, elurraren ondorioz, Arizmendiko haurrak ezin izan ziren festara batu.

Arratsaldean, bestalde, Kuko, Truko eta Bolenwaiderren ikuskizuna izan zen, eta txokolate beroa hartzeko aukera izan zen. Ondoren, Eskoriatzako Euskal dantza taldearen emanaldia eta Lantzeko inauterietako dantzak ikusteko aukera ere izan zen.

Bandaren kontzertua

Gaur, aldiz, Musika Eskolako bandak lehen aldiz eskainiko du kontzertua Eskoriatzako Aratusteetan. Emanaldia 20:00etan izango da, Zaldibar antzokian. Musikarien artean eta herritarren artean ilusioa piztu eta bide berriari ekiteko lehenengo ekimena izango da.

Sarrera doakoa izango da, eta Television Showcase, Chariots of fire, eta mota horretako piezak eskainiko dituzte, baita Tolosako Inauterietako kantuak ere. Sorpresak ere eskainiko dituztela adierazi dute bandako ordezkariek.

Zapatuan, mozorro desfilea

Zapatuan, Gesaltza txarangak emango dio hasiera egunari, eta, horren ostean, mozorro desfilea izango da, 13:00etan, Luis Ezeizatik abiatuta. Aurten, oinarrietan eta sarietan aldaketa batzuk egon dira, eta epaimahai herrikoi baten aldeko apustua egin du Udalak.

Erakustaldia edo dantzaldia egingo duten taldeak plaza parean gelditu ahalko dira, baina, desfilea ez luzatze aldera, bost minutu baino gehiagoko geldialdiak ez izateko eskatu dute antolatzaileek. Ibilbidea honako hau izango da: Luis Ezeiza, Fernando Eskoriatza plaza, San Juan kalea, Olazar, Fernando Eskoriatza plaza.

Mozorro desfilean parte hartzeko 12:30etik 12:45era bitartean Luis Ezeizako kantxan egon beharko da, edo aldez aurretik izena eman kultura etxean, 943 71 46 88. 

Bazkariko txartelak

Aratuste-zapatuko herri bazkaria Manuel Muñozen egingo da, beste urte batzuetan ez bezala. Orain arte, Joseba Iñurrategi pilotalekuan egin izan da, eta, hotzagoa denez, lekuz aldatzea erabaki du Udalak. Guztira, 300 pertsona batuko dira kiroldegian bazkaltzeko.

Badatoz kukumarroak

Aratuste-martitzenean amaituko dira Eskoriatzako Aratusteak, eta eguneko protagonista handiak kukumarroak izango dira. 17:00etan irtengo dira kultura etxetik, Eskoriatzako kaleetan barrena. Hala ere, horren aurretik, 10:30ean, Eskoriatzako ikastetxeetako haurrek jaialdia egingo dute, urtero moduan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta, eguna amaitzeko, 18:00etan, Andonik mugitzen nau DJ taldea izango da plazan –Andoni Calvo, Josu Rodriguez eta Tirapu–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak