Eskoriatzako buztingintza eta zeramika ikastaroak bikain hasi du urtea. Iaz bezala, nagusien taldea eta haurren taldea daude, eta eguaztenetan izaten dituzte eskolak, Zubiate labean. Haurrek 16:45etik 17:45era eta helduek, berriz, 18:00etatik 20:00etara. Dagoeneko, gainera, hainbat lan egin dituzte, eta egindako piezen emaitzak hoberantz doazela adierazi dute elkarteko kideek.
25 haur eta zortzi heldu daude aurtengo ikasturtean, eta, Alvaro Garcia irakaslearen gidaritzapean, lan txukunak eta orotarikoak egiten ari dira; etxera eramateko, norbaiti opari gisa emateko, edo Zubiate labean ikusgai jartzeko. Honela adierazi du Olatz Pagaldayk, Buztinate elkarteko kideak: "Alvaro Garcia irakasleak oinarrizko teknikak erakusten dizkigu. Bai helduen taldekoei, eta bai haurrei. Behin oinarrizko kontzeptuak ikasi ostean, sorkuntza askatasunera bideratutako eskolak izaten dira. Hau da, norberak nahi duen pieza egiten du, eta hori gauzatzen laguntzen digu irakasleak. Hasi ginenetik hona, kalitate maila ere asko handitu dela esango nuke".
Haurren imajinazio handia
"Egiten ditugun piezen artean ezberdintasun handiak daude: margotuta daudenak, gabekoak, detaile handiekin betetakoak… Haurren taldean, esaterako, ipotxen etxea egin dute. Bi pieza ezberdin dira eta teilatua kendu egiten zaio. Umeek jolasteko pieza ederra dela esango nuke…". Prozesua, berriz, honako hau da: buztinarekin pieza gauzatu, labetik pasa, margotu eta berriz labetik pasa.
Egokitzapenak egin nahian
Bazkidetza kanpaina martxan jarri berri, Udalari ere eskaera egin diote Zubiaten hainbat aldaketa egiteko: "Udalari eskaera egin diogu, eta erantzunaren zain gaude. Argiteria-tentsioa igo nahi dugu, alde batetik, bestela argindarrak salto egiten duelako, eta ur beroa ere jarri nahi dugu. Horretarako, herritarrak bazkide izatera animatu nahi ditugu".