Euskara, kontzientziatik ekintzara eraman nahian

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 2a, 08:20

Euskaraldia, 11 egun euskaraz egitasmoaren aurkezpenean, Eskoriatzako osoko bilkuren aretoan. MARI CARMEN ARRIETA

'Euskaraldia, 11 egun euskaraz' egitasmoarekin bat egin dute Eskoriatzako hainbat elkarte eta eragilek. Horrekin batera, otsailaren 16an, Kike Amonarriz soziolinguistak Zaldibarren egingo duen hitzaldiaren berri eman zuten.

Urtarrilaren 22an (astelehena), Eskoriatzako Udalak deituta, herriko hainbat talde eta eragile elkartu ziren udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenaren berri emateko.

Euskaraldia 2018ko azaroaren 23a eta abenduaren 3a bitartean Euskal Herrian gauzatuko den ekimena da, herri erakundeek eta euskalgintzako eragileek elkarrekin sortu eta aurrera eramango dutena. Eskoriatzan ez dago propio euskalgintzan lan egiten duen herri elkarterik, baina bai euren jardunean euskara bultzatzea ere helburu dutenak.

Herritarrei, parte hartzeko deia

Egitasmoaren nondik norakoak azaldu ostean, bileran parte hartu zuten elkarte eta eragileetako ordezkariek Euskaraldiarekin bat egitea erabaki zuten, eta herritarrei dei egiten diete Euskaraldia, 11 egun euskaraz gauzatzeko otsailaren 16an egingo den hitzaldian parte hartzera.

Kike Amonarrizen hitzaldia

Eskoriatzako Udalak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak elkarlanean antolatuta, Kike Amonarriz soziolinguistak Euskarak 365 egun Eskoriatzan hitzaldia egingo du otsailaren 16an, egubakoitza, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Eskoriatza herri euskalduna dela uste duzu?, Eskoriatza herri euskaldunagoa izatea nahi duzu?, Seme-alabek euskara gehiago erabiltzea gustatuko litzaizuke?, Koadriletan euskara gehiago entzutea gustatuko litzaizuke?… mota horretako galderak kezkatzen dituzten 16 urtetik gorako euskaltzaleendako hitzaldia izango da.

Helburu asko

2016an, Soziolinguistika Klusterrak gidatutako Eskoriatzako kale erabilera neurketaren arabera, %37,5ek euskaraz hitz egiten dute, %58,8 euskalduna izan arren. Hala, hizkuntzaren normalizazio bidean urrats sendoak egin nahi dira erabilera aktibatzeko, eta, Euskaraldiarekin, norbanakoen, erakundeen eta eragile guztien aktibazioa eskatu nahi da, normalizaziorako prozesu arrakastatsu eredugarria sortuta.

Eskoriatzako Euskara teknikari Mari Carmen Arrietak azpimarratu du egitasmo horrekin ilusioa piztu nahi dela, Eskoriatzan euskararen erabilera handitu dadin. Hala ere, hamaika egunez euskaraz egitearen hautuak pertsonala izan behar duela gaineratu du. "Kontzientzia hartuta dutenek praktikan jartzea da egitasmo honen funtsa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak