Bandaren emanaldia, lehen aldiz Aratusteetan

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ots. 1a, 09:00

Eskoriatzako banda Zaldibar antzokian.

Beheko Errota Musika Eskolako bandak lehen aldiz eskainiko du kontzertua Eskoriatzako Aratusteetan. Emanaldia otsailaren 9an izango da, Zaldibar antzokian, eta musikarien artean ilusioa piztu eta bide berriari ekiteko lehen ekimena izango da.

Eskoriatzako bandak ez du inoiz Aratusteetan kontzerturik eskaini. Hala, aurten egin duten hausnarketa baten ondorioz, lehen aldiz egitea erabaki dute. Kontzertua otsailaren 9an, egubakoitzean, izango da, Zaldibar antzokian, 20:00etan.

Ibilbide luzea

1980an sortu zuten Eskoriatzako musika eskola Maria Esther Oregik eta Mari Cruz Oiangurenek. Haiekin batera, Angel Bañares eskolak ematen hasi zen bertan. Eskola sortu eta bost urtera, musika eskolako bandako zuzendari aritu da Bañares.

Gaur egun, 30 musikarik osatzen dute banda, eta, gazteek kanpoan ikasten dutelako, motibazio falta dagoelako… beherakada izan dute; hala, 2018ra begira erronka berriak ezarri nahi dituzte. Honela adierazi du Imanol Andetxeagak, Eskoriatzako bandako kideak: "30 urteren ostean, ito egin gara banda osatzen dugun musikariak. Soilik betiko hitzorduetan hartzen dugu parte, bultzada bat behar dugu, ilusioa eta motibazioa pizteko. Hala, epe motzerako erronka banda suspertzea da, eta, epe luzera begirakoa, Angel Bañares zuzendaria ordezkatzea. Guk ondo pasatzeko egutegi berri bat proposatu dugu: Atxorrotx egunean jotzea, dantzaldia egitea, trikitiarekin uztartzea, ipuin musikatuak eskaintzea…".

Zaldibarko emanaldia

Hainbat pieza eskainiko dituzte otsailaren 9ko emanaldian: Television Showcase, Chariots of fire, Ballet Parisien, Tolosako inauterietako kantuak... eta sorpresak ere egongo direla adierazi dute Eskoriatzako Beheko Errota Musika Eskolako kideek. Hala, herritarrei bertaratzeko dei egiten diete.

Bañares-Bengoa familia

Bitxikeria moduan, banda osatzen duten hogeita hamar musikaritik hamar Bañares eta Bengoa familiakoak dira. Imanol Andetxagak adierazi du datu bitxia den arren eta oinarri sendoa duten arren, jende berriaren aldeko apustua ere egin nahi dutela. "Daukagunarekin bizi gara, eta azken urteetan ez da jende berria sartu; hala, ilusioa eta kohesioa mantentzea da gure helburu nagusia gaur egun".

1986ko banda osatzen zutenak

Eskoriatzako Musika Eskolako banda sortu –1985–, eta hurrengo urtean, 1986an atera zuten talde argazkia. Fernando Eskoriatza plazan zegoen musika eskolako eskaileretan ateratako argazkia da.

Argazkikoen izen-abizenak: 

1.Iñigo Alday
2.Aitor Kortazar
3.Iñigo Altuna
4.Alex Ezpeleta
5.Iranzun Gabilondo
6.Itxaso Altuna
7.Mila Aguayo
8.Montse Garcia
9.PeioSologaiztoa
10.GarikoitzKortazar
11.EdortaMurua
12.Francisco Bañares
13.Ángel Bañares
14.Imanol Andetxaga
15.Elizabeth Arrate
16.ArantzazuIdigoras
17.AmagoiaErrasti
18.Miren Carrillo
19.Iban Zubia
20.Consuelo Rubio
21.Aitor Bañares
22.Nora Moya
23.Iban Moya
24.Nora Moya
25.Alex Lopez
26.David Bañares
27.LarraitzUribesalgo
28.Blanqui
29.Iban Pagaldai
30.Jon Pagaldai
31.Igor Gorosarri

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak