"Urte osoan, aho batez ari gara gauza guztiak onartzen. Hori, informazioa ematen zaielako da. Iaz, salaketa izan genuen berandu ibili ginelako, eta aurten, azaroaren 17rako egin dugu batzordea; aurretik eurekin, herritarrekin… egonda. Beste era batera ulertzen badute parte-hartzea, ez dakit zein era den hori…" azaldu zuen, Joserra Zubizarreta, Eskoriatzako alkateak.
EH Bilduren ezetza
Hainbat iradokizun onartu dizkiela azaldu zuen EH Bilduko bozeramaileak, eta aurrekontuak prestatzen lehenago hasi izana ere eskertu zien alderdi jeltzalekoei, baina erabili den metodologiaz eta herritarren parte-hartze moduaz konforme ez, kontrakoa bozkatzea erabaki zuten.
Hala azaldu zuen Aitor Zubizarreta, Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak: "Parte-hartzea beste modu batera ulertzen dugu. Udal honetan, parte-hartzea informatzea dela uste dute, baina guk parte-hartzea; iritziak eta iradokizunak jaso eta denon artean hitz eginda, kontzenzu bat lortzea dela uste dugu. Beste aldetik, partida bat dago inbertsioetarako, baina inbertsio horiek zeri erantzuten dioten ez dugu ikusten, ez dago marko orokor bat, non, txertatu daitezkeen edo helburu batzuk bideratuko dituztenak inbertsio horiek. Azkenik, ezetzaren hirugarren arrazoia da; eskaera bat egin dugu, kale hezitzailearena. Gure gazteria alboratuta dagoela, eta figura honen ekimena interesgarria dela uste dugu. Programa txertatzea ez dugu proposatu, soilik, partida ireki bat uztea eskatu dugu, beharren azterketa bat egitea, aurrera begira… Hala ere hainbat iradokizun onartu dira eta alde horretatik pozik gaude".
Irabazi, etorkizunera begira
Irabaziko Rafa Bernal bozeramaileak, berriz, adierazi zuen epe motzera begirako aurrekontuak prestatu dituela Udal Gobernuak, etorkizunera begiratu barik: "Onartu dizkiguten eskaerak minimoak izan dira, eta onartu diren aurrekontuak epe motzerakoak direla uste dugu. Obretan dute oinarria. Ez dugu ikusten etorkizunera begirako proiekturik dagoenik. Gainera, etorkizunak ez du ematen oso ona izango denik. Pilak jarri behar ditugu, eta horretarako ez ditugu obrak egin behar, oinarria duten lanak egin behar ditugu. Beraz aurkeztu diren aurrekontuak ez doazenez gure norabidean, ezezkoa eman dugu”.
Elizateak pozik
Elizateetako Iñaki Kerexeta bozeramaileak, bestalde, adierazi zuen, beraiek pozik daudela aurrekontuekin: "Elizateetarako 44.000 euroko partida bat bideratu da: bideak, argiteria, urak, eta beste hainbat azpiegitura konpontzeko. Gero, beharren arabera, jasotzen ditugun diru-laguntzen arabera aldatu daiteke partida hau, baina printzipioz iaz moduan, pozik gaude…".
Inbertsio nagusiak
Inbertsio nagusiak lan hauek egiteko bideratuko dituztela gaineratu zuen alkateak: Dorleta eta Aranburuzabala arteko bidegurutzean espaloia egokitzea, irailean bukatuko dutela adieraziz. San Viator parean, Kuatruenako haur parkea bukatzea, maiatzean egingo dena. Argiterian, kalean eta elizateetan hobekuntzak egitea, eta Udaltzaingoaren kotxe berria erostea, besteak beste. Horretarako, 200.000 euro inguru bideratu nahi dutela adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak.