Garraio publikoaren aldaketa salatu dute Irabazik eta Bilduk

Imanol Beloki Unamuno 2017ko abe. 2a, 11:00

Azaroko ohiko osoko bilkura egin zuen martitzenean, hilaren 28an, Eskoriatzako udalbatzak, eta, hainbat gai landu bazituzten ere, aipagarriena Irabazi Eskoriatzak eta EH Bilduk aurkeztutako garraioaren gaineko mozioa izan zen: Herritarren defentsan: Kalitatezko garraio publikoa izeneko mozioa, hain zuzen ere.

Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza lotzen dituen linean –orain DG10– murrizketak izan direla salatu zuten, eta hainbat akordio hartzea planteatu zuten, zerbitzua hobetzeko. Udal Gobernuak, berriz, erantzun zien "intentzio politikoa" dagoela eta ez ziotela mozioari baiezkorik emango. Honela adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJko zinegotziak: "Irabazi eta Bildu beti ari dira esaten murrizketak daudela. Ez bakarrik Udal mailan, ez bakarrik Diputazio mailan, Eusko Jaurlaritza mailan ere bai. Zuek esango duzue murrizketak daudela, zerbitzu publikoen kalterako… baina guk garbi daukagu intentzio politikoa dagoela, eta, beraz, horren kontra bozkatuko dugu".

Rafa Bernal Irabaziko bozeramaileak, berriz, adierazi zuen politikari beharrean herritar moduan hitz egingo zuela: " Zuek gaia politizatzen dugula esaten duzue, baina, erabiltzaile moduan, aldaketa honek niri eta herritarrei kalte handia egin digula uste dut". Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak, aldiz, hauxe esan zuen: "Transbordoa egitera derrigortuta daude hainbat herritar, lehen ez genuena. Lehen, hobetzeko gauzak zeuden, baina hitz egin dezagun. Zenbat aldiz leporatu diguzue inposizioa? Hau zer izan da? Nori galdetu diogu?".

Nork bere azalpenak eman ondoren, EAJk ezetza eman zion mozioari. Joserra Zubizarretak herritarren zazpi kexa izan direla adierazi zuen, eta bost Diputazioari bidaliak izan direla gehitu zuen. Azken biak pleno egunean bertan jaso eta bidaliko dituela adieraziz.

Mozioari ezetzaren argibideak

Joserra Zubizarreta alkateak moziari ezetza ematearen arrazoia datuetan argudiatu zuen: "Datuak emango ditut. Bidaiarien %90a, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate bitartean mugitzen dira. Pentsatu behar duguna da ehuneko horien beharrak zeintzuk diren. Eskoriatzatik, 185 autobus pasatzen ziren lehen. Zerbitzu razionalizatu bat behar baldin badugu, nolabaiteko koherentzia bateko mugimendu baten barruan egin beharko dugu. Nahiz-eta, hobekuntzak egin behar diren, noski. Herrian zazpi pertsonak entregatu dituzte kexak, eta bost pertsona alkatearen bulegora etorri dira. Horiek diputaziora bideratuta daude, eta laster batean horren islada ikusiko da. Bestalde, autobus zerbitzua aldatu aurretiko datuekin konparatu da, eta 0,1 bidaiarien jaitsiera egon da. Amaitzeko, autobus lineala askoz puntualagoa da oraingoa, besteak, buelta luzeagoa eman behar zuen-eta".

Udal taldea, euskararekin bat

Bestalde, Euskararen Egunaren adierazpena irakurri, eta aho batez onartu zuten. Horrekin batera, Aho eta belarri, guk euskara elkarri txapekin joan ziren politikari guztiak osoko bilkurara, ekimenarekin bat egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak