Gaur, haurrentzako ekintzek izango dute protagonismoa, eta eguneko hitzordu nagusia Euskarazko hitzik politenak izango da, 18:30ean, Fernando Eskoriatza plazan. Gaztelekuko nerabeek jarritako pankartan nahi duten euskarazko hitza idazteko aukera izango dute.
Zapatuko ekintzak pilotalekuan
Zapatuan, aldiz, eguraldiaren iragarpena txarra dela ikusita, plazan jartzekoa zen karpa muntatu ez eta eguneko ekintza guztiak Joseba Iñurrategi pilotalekuan egitea erabaki du Udalak. Gainera, berokuntza sistema ere jarriko dute bertan. Zuk ekarri, zuk jan kantu bazkaria egingo dute aurten, eta, horrekin batera, hainbat gazte igoko dira bazkalostean oholtzara, egunerako prestatu dituzten 45 kantu inguru jo eta abestera. Beñat Arrieta gitarrarekin, Gari Barandiaran perkusioarekin, Ixak Sarasua baxuarekin eta Ane Arrieta teklatuarekin izango dira bertan.
Domekan, berriz, Eskoriatzako ezkutuko altxorrak bisita gidatua egingo dute, 12:00etan, museotik irtenda. 18:00etan, Mihiluze txapelketa egingo dute gaztelekuan. Eta 19:00etan, Nomofobikoak antzerkia izango da Zaldibar antzokian.
'Jira bueltan' bilduma
Euskararen Egunaz gain, aurreko belaunaldiei jasotako kantuak eta jolasak berreskuratu eta biziberritzeko helburuarekin Jira bueltan bilduma egin dute Aretxabaletako, Eskoriatzako, Eibarko eta Elgoibarko udalek elkarlanean. Bilduma hori astelehenean banatu zieten neskamutikoei ikastetxeetan, eta hamalau jolas, 30 kanta-jolas eta zazpi abesti batzen ditu. 12 urte arteko neska-mutikoendako gertatu dute Ahotsak.eus proiektuaren barruan garatu duten bilduma.