Amuskak agur esan dio 32 urteko ibilbideari

Imanol Beloki Unamuno 2017ko aza. 29a, 16:42
Zapatuan egindako bazkarian Amuskakoek ateratako talde argazkia.

Eskoriatzako Amuska emakumeen elkarteak jarduna bertan behera uztea erabaki du, 32 urteren ostean, hainbat faktorek eraginda. Amaiera emateko, Gure Ametsa jatetxean bazkaria egin zuten domekan, jai-giroan bukatzeko asmoz.

Eskoriatzako Amuska emakumeen elkarteak agur esan dio bere ibilbideari, 32 urteren ostean. Eskoriatzako emakumeendako aisialdia sustatzeko helburuarekin sortutako elkarteak hainbat tailer, ikastaro, irteera… egin ditu urteetan zehar. Eskoriatzako danborradarako karroza prestatzen, Urdelardero eguneko txokolate-janak egiten… urte askoan aritu da, baina, hainbat faktorerengatik, elkarteak ez du aurrera jarraituko. Hala, amaiera emateko, elkarteko 27 emakumek Gure Ametsa jatetxean bazkaria egin zuten pasa den domekan.

Amuskakoak 1993ko danborradan

Eskoriatzako San Pedro jaietan, nagusien danborrada izaten da bezperan, eta argazkian, 1993an egin zena ageri da. Amuska Emakume Elkarteko kideak garbitzaileen batailoiarekin irten ziren herriko kaleetan zehar.

Elkartearen desagertzea

Amuska elkarteko kide Gurutze Idigorasek hauxe adierazi du elkartearen desagertzearen gainean: "Faktore ezberdinengatik gertatu da. Urteetan ez dugu aldaketa handirik egin: tailerrak, ikastaroak eta egun-pasak bai, baina berrikuntza barik. Elkartean 65 emakume garen arren, kideek ez zuten erantzukizunik izan nahi, eta bete beharreko eskaera lanak ere baziren; Udalarekin edo Diputazioarekin izan ditzakegunak asko dira, eta horiek egiten ere jendea nekatu egin da. Bestalde, azkenaldian, berberak aritu izan gara batzarkide, ia guztiok erretiratuak gara, eta Olazar erretiratuen elkartera joaten dira batzuk; jende berria ere ez da sartzen elkartera. Beraz, penaz, baina ibilbideari agur esateko ordua dela erabaki dugu".

Amaiera, jai giroan

Domekan, elkarteko 27 emakumek mini-busa hartu eta Gure Ametsa jatetxean bazkaria egin zuten; ondoren, dantzaldia izan zuten DJ Moto –Andoni Moto– eskoriatzarraren eskutik. "Ederki bazkaldu genuen, eta oso ondo pasatu genuen dantzaldian. Motok, batez ere, 80ko hamarkadako kantuak jarri zizkigun, baita abesti modernoagoak ere, eta oso ondo egon zen. Horrela amaitu gura izan genuen Amuska emakumeen elkartearen jarduna, jai-giroan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak