Egubakoitzean, abenduaren 1ean, haurrei zuzendutako ekintzak nagusituko dira Eskoriatzan. Izan ere, ikastetxetako haurrek beteko dituzte kaleak, eta, urteko ohiturari jarraituz, Fernando Eskoriatza plaza apaintzera joango dira, arratsaldean, gaztaina erreak jateko aukera izango da Luis Ezeiza ikastetxe aurrean, eta buruhandiak ere izango dira herriko kaleetan zehar.
'Euskarazko hitzik politenak'
18:30ean, gaztelekuko nerabeek orri zuri bat ipiniko dute plazan, eta nahi duenak euskarazko hitz gustukoena idatziko du bertan. Asteburu osoan egongo da horiek idazteko aukera, eta, asteburua pasatutakoan, hitz guztiak batu eta murala egingo dute herriko bi gaztek Santa Marinako kiosko azpian.
Bazkarirako txartelak salgai
Abenduaren 2an, zapatuan, berriz, eguneko plater nagusia Zuk ekarri, zuk jan formatuan egingo den Euskararen Egunaren bueltako bazkaria izango da –plazako karpan izango da–. Norbanako bakoitzak txartela erosi beharko du; izan ere, hotz egin dezakeenez, salda beroa eta txistorra egongo dira, eta, horrenbestez, bazkaltzeko lekua, salda, txistorra eta kantu liburua hiru eurotan erosi beharko da –txartelak, Goxo Txikin eta Hotelean–.
Bestalde, lekua erreserbatu nahi duenak aukera izango du horretarako kultura etxean, edo 636 78 59 71 telefonora whatsapp -a bidaliz.
Horrekin batera, aurten, berrikuntza moduan, Zuk ekarri, zuk jan kantu bazkaria izango da. Herriko lau gaztek egunerako sortutako musika talde batek gidatuko du bazkalostea, eta euskal kantu tradizional eta modernoak eskainiko dituzte. Horren ondoren, plazako giroa herri osora zabaltzeko asmoz, Orkestra elektrotxaranga izango da.
Bisita, txapelketa eta antzerkia
Euskararen Egunean, abenduaren 3an, Eskoriatzako Ezkutuko altxorrak bisita gidatua egingo dute, 12:00etan, museotik irtenda. 18:00etan, Mihiluze txapelketa egingo dute gaztelekuan. Eta 19:00etan, Nomofobikoak antzerkia izango da Zaldibar antzokian