Eguaztenean, esaterako, Emakumeenganako indarkeria: Eta honen aurrean zer? hitzaldia izan zen kultura etxean. Hezi2de berdintasunerako formazio eta aholkularitza zerbitzuko Miren Josu Aranburuk eta Idoia Luzuriagak gidatu zuten saioa.
Besteak beste, egunerokotasuneko adibide praktikoen bidez indarkeria matxistaren errora jo zutela adierazi du Idoia Luzuriagak: "Bi zatitan banatu genuen saioa: batetik, indarkeria matxistaren errora jo genuen; gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezera. Eta egunerokotasuneko adibide praktikoen bidez ikusarazi genuen hori. Indarkeriaren termino egokiak definitzeari garrantzia ematen diogu, eta hori behin ondo definitu ostean, indarkeria mota ezberdinak ere aztertu genituen. Gero, indarkeria matxistari aurre egiten laguntzeko modu ezberdinen inguruan hitz egin genuen. Esaterako: erantzunkidetasuna, kontziliazioa, hezkidetza…". Prebentzioaren garrantzia ere azpimarratu zuten saioan, eta prebentziorako garrantzi handiena hezkidetzari eman behar zaiola adierazi zuten, besteak beste. "Prebenitzeko erreminta batzuk zeintzuk izan daitezken adierazi genituen: tratu onak, ahalduntzea…, eta hainbat gai jorratu ostean, hitzaldiari gazteen ikuspegiaz, eta mikromatxismoaz hitz eginez amaitu genuen saioa. Aberatsa izan zena".
Elkarretaratzea eta proiekzioa
Zapatuan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, aldiz, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute Fernando Eskoriatza plazan. Eta amaitzean, 18:45ean, Duma dokumentala proiektatuko dute Zaldibar antzokian.
Abeer Zeibak Haddad zinemagile israeldarrak arabiar gizartean gertatutako sexu abusuen salaketa ausarta egin du lan horretan. Hain zuzen, Palestinako adingabeek eta emakumeek jasaten dituzten sexu abusuak. Duma hitzak panpina esan nahi du arabiarrez, eta ikus-entzunezkoan, hainbat emakume arabiarrek haurrak zirenean jasan zituzten sexu abusuak kontatuko dituzte. Hain zuzen ere, gizarteak eta familiak ezarritako isiltasun sistema apurtzeko helburuarekin.
Antzokian solasaldia
Duma dokumentalaren proiekzioa amaitzen denean, Clara Campoamor elkarteko Maite Iturrarte abokatuak dokumentalean ikusitakoaren gaiari buruzko solasaldia bideratuko du; zuzenbide penalean eta genero indarkeriaren inguruan aditua da hura.