'Zurrumurrurik Ez!' egitasmoa hasteko, tailerra izan da Ibarraundin

Imanol Beloki Unamuno 2017ko aza. 9a, 16:52

Herritarren artean bizikidetza hobetu nahi duen Zurrumurrurik Ez! egitasmoko lehenengo tailerra egin zen atzo, Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Lehen lan-saiora, 30 herritar inguru joan ziren herritarren artean izaten diren zurrumurruei aurre egiteko, eta hiru taldetan banatuta; generoa, gazteak eta guraso/hezkuntza multzoetan, hausnarketa eta eztabaida egin zuten.

Kanpotik bizitzera etorri diren herrikide berrien inguruan zurrumurru asko zabaldu dira urte hauetan; horiek ezagutu, errealitatearekin alderatu eta bakoitzak ondorio propioak ateratzeko lehen urratsa egin zuten lehenengo tailerrean. Joserra Zubizarreta alkateak eman zion hasiera ekitaldiari, eta Murgibe Berdintasun Aholkularitzakoek gidatu zuten saioa. Bertan, zer egin zuten adierazi zuen Eztitzen Telletxea koordinatzaileak: "Hausnarketa eta eztabaida talde bat sortu dugu lehen saio honetan. Helburua izan da hitz egitea gehien barneratuta ditugun zurrumurruen gainean, eta horiek apurtzea. Horren inguruan gizarte eragile bezala eztabaidatu dugu, gero, nork bere eremuan informazioa hedatzeko. Aurreiritzi asko ditugu, eta nahigabe sustatzen ditugu askotan, eta egoera hori larriagoa izaten da; horrenbestez, hori aldatzea da asmoa.

Horretarako, hiru taldetan banatu zituzten bertaratu zirenak lehenbizi: generoa, gazteak eta guraso/hezkuntza multzoetan, hain zuzen ere. Eta hainbat ondorio atera zituzten. Horiek batuta, azaroaren 15ean egingo den bigarren saioan, parte-hartzen dutenen artean manifestu bateratu bat idatziko dute, gainontzeko eskoriatzarrekin partekatzeko.

Proiekzioak eta hitzaldia

Tailerrez gainera, bi dokumental proiektatuko dituzte Zaldibarren: azaroaren 16an, Sitio distinto; eta azaroaren 23an, The Basque Hotel. Egitasmoa amaitzeko, abenduaren 14an, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak hitzaldia egingo du.

Etorkinen datuak Eskoriatzan

Leku askotako etorkinak batzen ditu Eskoriatzak: Europar Batasunekoak, Europar Batasunetik kanpokoak, magrebtarrak, Afrikako beste herrialde batzuetakoak, Amerikakoak eta Asiakoak.

2017ko urtarrilaren 1eko Eskoriatzako etorkinen datuen arabera, 4.089 eskoriatzarretatik 225 etorkinak dira, %5,5. Horietatik 95 –%2,32– Europar Batasuneko etorkinak dira eta 130 –%3,18–, berriz, Europar Batasunetik kanpokoak. Sexuaren arabera, aldiz, 99 pertsona emakumezkoak dira eta 126 gizonezkoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak