Urriko azkenengo eguna, urteko gaurik beldurgarriena, badator, eta aurten ere izango da horren bueltako ospakizunik Eskoriatzan. Hezkuntza foroak, gaztelekuak eta Tortolis ludotekak antolatuta, urriaren 31n, martitzena, Arimen Gauaren bueltan bereziki umeei zein gaztetxoei zuzendutako hainbat ekintza izango dira herrian.
Ludotekakoak, kalera
Tortolis ludotekan arratsaldean hasiko dituzte ospakizunak. Hala, bostetan elkartuko dira 3-12 urte bitarteko neska-mutikoak ludotekan, eta bertan mozorroak jantziko dituzte soinean.
Arimen Gaua Euskal Herrian urte luzez ospatu izan den usadioa da, eta, hortaz, tradizio hori "gogora ekartzea" da jai horren helburu nagusietako bat. Hori horrela, Debagoien inguruan gau horretan erabiltzen ziren jantziak berreskuratu gura dituzte, ludotekako Nekane Atxagak azaldu duenez. "Etxeko arropa zaharrak, alkandorak, eta abar jantziko ditugu, zakuarenaren edo antzeko oihal batekin aurpegia estali eta buruan txapel bat jarriko dugu", azaldu du Atxagak. Era berean, jendea animatu gura izan du prestatutako ekintzetan parte hartzera, guztiak irekiak izango dira eta.
Arratsaldez egingo dituzten ekintza horien artean, 18:00etan kalabazak hustuko dituzte. Horretarako, nork bere kalabaza eroan beharko du. Jarraian, beldurrezko ipuinendako tartetxoa izango da.
4 eta 7 urte bitarteko neskamutikoendako, berriz, sukaldaritza tailerra izango da, 18:30ean. Egunaren gaiarekin lotutako beldurrezko jakiak prestatuko dituzte, egiteko errazak.
19:30ean, berriz, plazan sorgin edabe berezia dastatzeko aukera izango da, etxetik nork bere edalontzia eroanda.
Gaztelekuko egitaraua
Gaztelekuko gaztetxoendako bereziki prestatutako hitzorduak iluntze aldera izango dira. Hala, 20:00etan gaztelekuan bertan Arima baltzak sutara jolasa egingo dute. Mitologia, misterioa eta beldurra uztartzen ditu taldekako jolas horrek, gaztelekuko Iratxe Arresek azaldu duenez, eta, han aritzeko, gazteek kandela bana eroan beharko dute.
Jarraian, beldurrezko film laburren emanaldia egingo dute gaztelekuan. Hitzordu irekiak dira, eta gaztelekuko ateak zabalik izango dira guztientzat.