Haizea Arana: "Bertso-eskola, bertsoak egiten ikastea baino askoz gehiago da"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 5a, 11:53

Haizea Arana bertsolaria Goienako platoan.

Bertso-eskola bertsotan egiten ikasteko lekua da, baina hori baino gehiago ere badela ere adierazi du Haizea Aranak, Eskoriatzako Hankamotx bertso-eskolako irakasleak. Astelehenean hasi zituzten eskolak Hankamotxen, baina, ikasturte berria hasi arren, nahi duenak aukera du nahi duenean izena emateko.

Eskoriatzako Hankamotx bertso-eskolakoek astelehenean hasi zuten ikasturte berria. Edozelan ere, oraindik aukera dago izena emateko. Bertso-eskolaren nondik-norakoak azaldu ditu Haizea Arana Eskoriatzako Hankamotx bertso-eskolako irakasleak:

Nola hasi duzue ikasturte berria?

Bertso-eskolako ateak urrian irekitzen ditugu, eta, astelehenean hasita, eskola bakarra izan dugu, oraingoz. Iaz, talde bakarra genuen, Lehen Hezkuntzako  seigarren mailakoek osatzen zutena, eta hauek aurten jarraitzen dute. Ikasturte honetan, talde berri bat sortu da, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoena. Sei ikasle daude bosgarren mailan, eta DBH-1ekoenean hiru ikasle ditugu. Ni DBHkoen irakaslea naiz, eta nire ahizpa, Oihana, bosgarren mailakoen irakaslea da. Bertso-eskolako ateak ez ditugu inoiz ixten, eta ikasturtean zehar norbaitek izena eman nahiko balu, etorri dadila guregana.

Zer egin behar da izena emateko?

Kalean ahoz aho transmititzen den gauza bat da, eta, gu ikusiz gero, esatearekin nahikoa da. Hala ere, posta elektronikoz Hankamotx@gmail.com helbidera idatzita ere egin daiteke.

Zein egunetan eta lekutan ematen dituzue bertso-eskolak?

Lehen Hezkuntzakoen eskola astelehenetan 18:00etan izaten da eta DHBkoena eguaztenetan 16:30ean, biak kultura etxean. Aretxabaletan, berriz, udaletxe zaharrean izaten dira, eta Arrasaten Zerrajeran.

Badago bertsozaletasunik Eskoriatzan?

San Pedro jaietan bertso-poteoa egin genuen, eta hasieran jende askorik ez hurbildu arren, bukaeran jende asko batu zen, animatuta ibili ziren… Kosta egiten zaio jendeari bertsoak entzutera etortzea, baina jendeari gustatzen zaio.

Zer egiten duzue bertso-eskolan?

Bertso-eskola, bertsoak egiten ikasteaz gain, sortzeko leku bat da. Izan ere, sortzeko espazio gutxiago dugula ikusten dugu, eta gabezia hori betetzeko esparru bat da. Saiatzen gara bertsoak egiten, bertso zaharrak ikasten, doinuak lantzen, errimekin, istorioak nola jarraitu… izan ere, bertsoa elkarrizketa bat da eta istorio bat asmatu beharra dago. Azkenean, hizkuntzarekin jolasteko beste modu bat da. Gauza asko ikasten dira bertso-eskolan, ez bakarrik bertsoak.

Bertso-eskolaz gain, ekintza ugari antolatzen dituzue, ezta?

Lagunartekoak, bertso-afariak, topaketak… antolatzen ditugu. Aurten, azaroaren 24an, Arrasateko gaztetxean bailarako bertso eskolak elkartzeko topaketa egingo dugu. Merienda bat egingo dugu, jokoak egingo ditugu, bertsoak eramango dituzte bertso eskola ezberdinetako ikasleek… Elkar ezagutzeko modu bikaina da.

Zapatuan bertso jaialdia

Hankamotx bertso-eskolak, ikasturteari hasiera emateko, bertso jaialdia antolatu du zapatu honetarako. Jaialdia Zaldibar antzokian izango da, eta saioa 22:30ean hasiko da.

Oholtza gainera Alaia Martin –Gipuzkoako txapeldunordea–, Haizea Arana eta Oihana Arana ahizpak eta Julio Soto –Nafarroako txapelduna– bertsolariak igoko dira. Gai jartzaile, aldiz, Imanol Artola arituko da, eta sarrerak salgai daude lau eurotan, kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak