Herriko semea zen Eduardo Gorosarri apaiz, organista eta txistulariari gorazarre egingo diote eskoriatzarrek aurtengo San Pedro jaietan eta datozen asteetan, haren heriotzaren 70. urteurrenean.
Batetik, ekainaren 28an, , San Pedro bezpera, Eduardo Gorosarriri buruzko erakusketa berezia inauguratuko dute Ibarraundi museoan. Arratsaldeko seietan izango da inaugurazio ekitaldi hori. Bertan, Goikobalu abesbatzak emanalditxoa eskainiko du, Eduardo Gorosarrik berak konposatutako zenbait pieza abestuta.
Segidan, Gernika plazara joango dira, Gorosarriren senideekin, udal ordezkariekin eta hainbat elkartetako kideekin, Gorosarriren omenez jarrita dagoen eskulturara. Koldo Merinok 1989an egindako eskultura horri plaka bat jarriko diote.
Musikaria eta erbesteratua
Eduardo Gorosarriri buruzko erakusketa horrek eskoriatzarraren bizitzaren bi arlotan jarriko du fokua: batetik, bere musikari eta konpositore fazeta ezagutzeko aukera izango da; eta bestetik, erbesteratu moduan bizi izan zuenaren inguruan gehiago jakiteko.
Erakusketan, besteak beste, Gorosarriren txistua egongo da ikusgai, baita argazkiak eta hark idatzitako pieza desberdinen partiturak ere. Piezok entzuteko aukera ere izango dute Ibarraundi museoa bisitatzen dutenek.
Organo jole moduan Salamanco apaiztegian eta Bilboko Begoñako basilikan aritu zen Gorosarri. Txistulari gisa ere pertsona garrantzitsua izan zen; hala, 1927an, Euskal Herriko Txistularien lehendabiziko batzarrean, Txistularien Elkarteko lehendakari aukeratu zuten.
Gerrako umeekin Ingalaterrara erbesteratu zen garaiko postalak ere ikusgai jarriko dituzte; guztia, nola ez, historia eta testuingurua azaltzen duten informazio panelez lagunduta.
1937ko maiatzean abiatu zen Habana itsasontzia Bilbotik Southamptonera, eta gerratik ihesi zoazen 4.000 umek bidaiatu zuten bertan. Eduardo Gorosarri apaiza haiekin batera erbesteratu zen.
Erakusketaren ordutegia
Ekainaren 28tik aurrera, eguerdian 12:00etatik 14:00etara bitartean egongo da ikusgai Gorosarriri buruzko erakusketa Ibarraundi museoan, eta arratsaldez, berriz, 18:00etatik 20:00etara. Zapatuetan itxita egongo da museoa. Domekan, berriz, eguerdian izango da zabalik, (12:00-14:00).
Uztailaren 17tik aurrera, ordea, udako ordutegiarekin hasiko dira. Eguerdian irekiko dute, eta zapatu eta domeketan itxita egongo da. Abuztuaren 14tik 20rako astean itxita egongo da, baina, gainontzean, hilaren 31ra arte goizez zabalik egongo da.
'Salbea', abesbatzaren eskutik
San Pedro bezperan, txupin jaurtiketaren ostean, 19:30ean, parrokiako abesbatzak Eduardo Gorosarriren Salbea abestuko du San Pedro parrokian, urtero egin ohi duten moduan. Gorosarri oso presente izango dute, beraz, aurtengo jaietan.
Horrez gain, San Pedro eguneko elizbiran txistulariek Alkate Soinuaren Gorosarriren moldaketa bat joko dute.