Iñaki Ruiz de Egino: "Artistaren bizitza zoroa da, hala izan behar du"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko api. 27a, 17:00
Iñaki Ruiz de Egino eskultorea.

Arte bakarra bi hemisferiorentzat erakusketarekin izango da Eskoriatzan Iñaki Ruiz de Egino eskultorea. Datorren eguenean, maiatzaren 4an, izango da inaugurazioa, 19:00etan, Ibarraundi museoan, eta egilea bera ere bertan izango da bere lanen azalpenak ematen. Erakusketak hilabete osoa iraungo du.

Iñaki Ruiz de Egino eskultorea, margolaria, grabatzailea da. Nazioarteko abstrakzio geometrikoaren eta gaur egungo arte neokonkretistaren artista handienetakotzat jotzen da. Zaragozako Arte Eskolan ikasi zuen eta nazioarte mailan jarduten du batez ere, Euskal Herrian baino gehiago.

Arte bakarra bi hemisferiotzat erakusketa ekarriko duzu Eskoriatzara; zer ekarriko duzu?
Nire bildumako pieza gutxi batzuk dira ekarriko ditudanak, eta espazioaren arabera aukeratu ditut. Guztira, 16 eskultura: burdinazkoak, egurrezkoak, altzairuzkoak eta brontzezkoak direnak. Honekin batera, obra grafikoa eramango dut, figuratiboagoa dena…

Zein da erakusketaren helburua?

Asmoa da erakusketa didaktikoa izatea, batetik, ikastetxeetatik datozen haurrentzat zuzenduta izango dena. Hain zuzen ere, marrazten eta diseinatzen hasten garen momentutik eskultura bilakatzerainoko bidea erakutsi nahi dut.

Eta zer adierazi nahi duzu lan honekin?

70eko hamarkada ezkero nabil lanean, eta pinturekin eta eskulturekin aritu naiz, batez ere. 200etik gora erakusketa propio egin ditut eta taldean 800 erakusketa inguru. 21 urterekin Euskal Pinturaren Sari Nagusia jaso nuenetik etengabe ari naiz lanean, beraz pentsa ezazu… Hainbat artista ezagutu ditut ibilbide luze honetan, eta nork bere estiloa bilatzen du. Nik nirea bilatu dut, eta erabiltzen ditudan material tradizionalak euskal kulturakoak dira. Hori helarazi nahi dut, baita piezak egiteko prozesua, besteak beste.

Zure ibilbideari erreparatuz, artistaren bizitza nolakoa da?

Artistaren bizitza zoroa da, eta hala izan behar du. Batez ere, nazioarte mailan ibili naiz, eta ari naiz lanean; beraz, asko bidaiatu dut nire lan ibilbidean. Hong Kong-etik, Lanzarotera etorri berri naiz, Singapur, Tailandia… bezalako tokietan ibili ostean.

Noiz arte izango da erakusketa ikusgai?

Maiatzaren 4an 19:00etan izango da inaugurazioa eta bertan izango naiz ni zalantza guztiak argitzeko prest. Erakusketa, berriz, maiatzaren 5etik 25era bitartean egongo da irekita herritarrentzat. Astelehenetik egubakoitzera bitartean, 12:00etatik 14:00etara goizez eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldez. Domeketan, 12:00etatik 14:00etara. Eta zapatuetan, berriz, itxita egongo da erakusketa.

Erakusketa honez gain, maiatzaren 16an Una dimensión creativa hitzaldia eskainiko duzu, ezta?

Maiatzaren 16an Una dimensión creativa hitzaldia eskainiko dut Ibarraundi museoan, 18:30ean izango da. Artisten lana nolakoa den azalduko dut bertan, zergatik egiten dugun egiten duguna, zer transmititu nahi dugun, lan horrek zein esanahi kultural duen… Oinarrian halako gauzak azalduko ditut, baina ezagutu ditudan artista handiekin dudan eta izan dudan erlazioa ere kontatuko dut.

Zein artistarenak, jakin badaiteke?

Eskultore bezala, gaztetatik izan ditut lagun Jorge Oteiza, Txillida, Françoise Morellet, Basterretxea... haien lana ere errepasatuko dut, eta haiekin dudan eta izan dudan erlazioa. Batez ere, eskultura gaur egun nola dagoen adierazteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak