Urdelardero eguna aspaldiko ohitura da; Francoren garaian debekatu egin zuten eta 1979. urte inguruan berreskuratu zen, Eskoriatzan. Gaur egun, Eskoriatzan soilik egiten den ospakizuna da, eta, hala, eskolaurreko Arizmendiko Jose Arana guneko eta Luis Ezeiza herri eskolako umeak kantu-eskean irtengo dira kalera, santa-eskean bezala.
Lehen, baserriz baserri joaten ziren eskean, eta txarriboda garaia zenez, urdaia, txorizoa… ematen zizkieten baserritarrek, baina gaur egun denetik sartzen dute gaztetxoek zirian.
Herrian kantuan aritu ostean plazara hurbilduko dira gaztetxoak, eta bertan txistor-jana izango dute.
Antzerkia arratsaldean
Arratsaldean, berriz, Tomaxen Abenturak pailazoak izango dira Hiru ipuin eskaintzen. Sarrerak doakoak izango dira eta aldez aurretik kiroldegian jaso daitezke. Hala ere, edukiera dela-eta umeak bakarrik joatea eskatu du Udalak, eta, lagunduta joanez gero, heldu bakar batekin izan dadila.
Ikuskizuna amaitzean, txokolate-jana izango da plazan, eta nork bere edalontzia eraman beharko du. Ondoren, egunari amaiera emateko, Lantzeko Inauterietako dantzak egingo dituzte horiek dakizkiten herritarrek.