Atxorrotxen aurkitutako elementuak erakusketan

Imanol Beloki Unamuno 2016ko abe. 21a, 18:30

'Atxorrotx. Arlabango igarobidean urrea eta odola' erakusketan Beñi Agirre historialaria.

Zabaldu berri den Atxorrotx. Arlabango igarobidean urrea eta odola erakusketa monografikoan, guztira 80 bat elementu daude ikusgai, eta bertan, armak –gezi puntak, baleztak, xabalinak– eta apaingarriak –La Tene kulturako fibula edota Antxo VII.aren arrano beltzaren zigilua– izango dira, besteak beste, ikusgai.

Atxorrotxen eta inguruetan egin diren indusketa kanpainen ondorioz aurkitutako elementuak dira guztiak, gehienak 2010eko ekinaldian aurkitutakoak Iñaki Sagredoren gidaritzapean.

Jaiegunetan itxita

Erakusketaren ordutegia, berriz, honako hau izango da: astelehenetik egubakoitzera arte zabalik egongo da 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta urtarrilaren 5ean eta 6an, itxita. Zapatuetan 17:00etatik 19:00etara zabalik egongo da eta abenduaren 24an eta 31n, itxita. Azkenik, domeketan, 12:00etatik 14:00etara zabalik eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, itxita.

Dokumentala urtarrilean

Erakusketaz gain, Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak egin berri duten Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik dokumentalaren teaser-a aurkeztu zuten pasa den astean, eta urtarrilean hasiko dira proiekzioak.

Aurkezpenean, Nabarralde elkarteko kide Angel Rekaldek hauxe adierazi zuen: "Atxorrotxeko eremua abiapuntutzat hartuz, erabakigarria izan zen pasarte historiko bat berreskuratzea izan da lanaren helburu nagusia. Gure eremu historikoko biztanleriari informazioa zabaltzea izan da helburua, gure komunitatea beste komunitate kulturalekin, linguistikoekin eta politikoekin lotuz".

Teaser-a aurkeztuta, dokumentalaren aurkezpena urtarrilaren 10ean 18:00etan egingo da Ibarraundi museoan. Bertan, Beñi Agirrek eta Jose Luis Orellak emango dituzte azalpenak. Horren ondoren, emanaldiak urtarrilaren 11tik 13ra 13:00etan eta 18:00etan eta urtarrilaren 14an 18:00etan izango dira, Ibarraundin. Urtarrilaren 15ean, berriz, arratsaldeko zazpietan, Zaldibar antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak