"2017ko aurrekontua 5.359.298 eurokoa da, 2016koa baino %0,5 handiagoa. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, gastu arruntetan hobekuntza dago, energiaren kostuaren aurrezpenaz… eta inbertsioak handitu ditugu, diru laguntzak sendotuz euskara, kirol eta kultura taldeei gehiago lagunduz", adierazi du Joserra Zubizarreta alkateak.
Irizpide nagusiei dagokienez, zerbitzu sozialak bermatuz, iraunkortasuna eta ingurumena hobetzeko ekintzak egingo dituztela dio alkateak: "Kontsumo energetikoa, ur-sareko matxurak konpondu… Irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu nahi dira, bertako kontsumoaren eta komertzioaren aldeko apustua eginez". Azkenik, adierazi dute sarrerak eta gastuak parekatuta daudela.
Oposizioa aurka
Irabazi eta EH Bildu alderdiak aurrekontu proposamenaren kontra daude. EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak hau adierazi du: "Batetik, aurrekontuak ez dira eztabaidatu. Bestetik, aurten PERCOa egin da eta ondorioak ez dira aurrekontuetan islatzen…". Gaineratu du irizpide aldaketa bat izan dela: "Laguntza nominatiboak kendu zituzten aurreko aurrekontuak egiterakoan, baina, oraingoan, nominatiboak jarri dituzte; aldaketa honen inguruan ere ez dakigu ezer".
Hala, eskaera eta baldintza batzuk jarriko dituzte. "Aurrekontuak egiterakoan, Eskoriatza bizi bat egiteko herriaren parte-hartzea behar da. EskoHitza moduko zerbait egitea… Komertzioa sustatzeko partida handituko genuke, prekarietateari dagokionez, azterketa sakon bat egiteko 10.000 euroko partida bat jarriko genuke, eta karpa bat erostea beharrezkoa da, beti alokatzen ibili beharrean…".
Irabaziko Rafa Bernal bozeramaileak, berriz, adierazi du "kontinuista" eta "epe motzeko" aurrekontu proposamena dela. "Zati handiena gastuetara bideratzen da". Hori horrela, Irabazik adierazi du aurrekontuak krisi ekonomikora, sozialera eta ingurumenera bideratuak egon beharko liratekeela: "Enpleguaren, garapen jasangarriaren, berdintasunaren, gazteriaren eta lankidetzaren partidak handitu nahi ditugu".
Irabaziren hiru proposamenak
Batetik, partida bat sortu nahi du Irabazik, Udaletik enplegu bat sortu dadin. Bestetik, ingurumenari bideratutako laguntzak handitu nahi ditu: "4.000 euro eskasekoak dira eta guk partida hau nabarmen handitu nahi dugu. Eskoriatzarako iraunkortasun plan bat sustatzeko, gaur egun oinarrizko zerbait dena". Eta, azkenik: "Behar gehiago dituzten herrialdeei, 5.000 euroko laguntzatik 12.000 euroko laguntzara handitzea nahi dugu".
Elizateen Elkartea pozik
Elizateen Elkarteko Iñaki Kerexeta bozeramaileak adierazi du ez dagoela aldaketa handirik aurreko eta datozen aurrekontuen artean: "Gure proposamenak sartzen dira aurrekontuetan, eta partidak pixka bat handitu zaizkigu… beraz, ondo iruditzen zaigu".