Jesus Kerexetaren bizitza musikala liburuan gordeta

Imanol Beloki Unamuno 2016ko abe. 9a, 09:00
Valentin eta Blanca Gomez, Jesus Kerexetaren ilobak, Durangoko Azokan liburu aurkezpena egiten.

Jesus Kerexeta Azkoaga eskoriatzarren Bizitzaren abestiak liburua kaleratu berri dute, haren haurtzaroa eta gaztaroa eta haren musika batzen dituena, hain zuzen ere. Kerexeta piano-jolea zen, kantu asko sortu zituen. Eskoriatzako estankoan bizi izan ziren izebei eskainitakoak dira asko, eta beste asko, emazte Bego Isasiri, Mendraka eta Argiñeta auzoei eta Elorrio eta Eskoriatza herriei, besteak beste

Musikari autodidakta izan zen Kerexeta, eta piano-jole aparta. Liburuak haren bizitzako hainbat pasarte eta argazki batzen ditu, baina bereziki hark sortutako kantuak partituretara pasatzea izan da lanaren helburua. Hain zuzen ere, Kerexetak egin zuen konposizio lan handiaren testigantza idatzia utzi dute egileek liburuaren bitartez.

Pianoa jotzen bere kabuz ikasita

Lau urte zituenetik bederatzi urtera arte, Eskoriatzako abadearekin hasi zen pianoa ikasten Kerexeta, eta gero, bakarrik jarraitu zuen ibilbidea, kontserbatoriotik pasa gabe. Abilezia handiarekin jotzen zuen,  eta piezak partituretan idatzi barik konposatzen zituen;  hala ere, hauen konstantzia geratu da, grabatu egiten baitzituen piezak bobina handietan, disketeetan eta CDetan.

Liburua hainbat pertsonak urteetan egindako lanari esker argitaratu da, baina, batez ere, ilobek bultzatu dute proiektua: Valentin eta Blanca Gomezek. Liburuan ageri den moduan, Jesus Kerexeta bizi zenean, honela esaten zion iloba Blancari: "Ni falta naizenean zuk zainduko duzu nire musika, zeurea bailitzan zaindu ere".

Blanca Gomez piano ikasketak egindakoa da, eta zaletasuna partekatzen zuen osabarekin. Hil zenean eskuratu zituen osabaren piano grabazioak. "Handik bi urtera, Ignacio Villota osabaren gaztetako lagunak deitu zion, haren musikarekin zer gertatu zen galdetzeko, eta orduan hasi zen Kerexetaren musika berreskuratu eta gordetzeko proiektua", adierazi du Valentin Gomezek. Gero, Iñaki Salvador musikariarekin jarri zen kontaktuan, eta egitasmoaren zuzendaritza musikala haren esku geratu da. Horrez gain, piezak partituretara pasatzearen lana Mikel Gaztañagak egin du, eta diskorako interpretazioa, berriz, Itziar Barredo pianistak.

Musikari oso lotuta

Kerexeta 1922an jaio zen, Eskoriatzan, eta 2007an hil zen, Elorrion. Eskoriatza, Abadiño eta Elorrioko udaletan aparejadore aritu izan zen arren, batez ere pianista zen. "Eguraldi ona egiten zuenean, haren egongelako balkoia alderik alde ireki, eta orduak ematen zituen pianoa jotzen. Elorrioko plaza zeharkatzen zutenak entzule moduan geratzen ziren balkoipean entzuten…".
Elorrion ezagunagoa izan arren, erlazio handia zeukan Eskoriatzako izebekin. "Batez ere gaztaroa egin zuen Eskoriatzan, hogeita bost urte inguru zituen arte gutxi gorabehera. Elizan musikarekin lotutako ekintzaren bat bazegoen, beti joaten zen bertara… ", adierazi du Valentin Gomezek.

Musika eskoletara zabalpena

Hamazazpi kantu batzen ditu diskoak eta liburuan kantu horiek partituretan irakurtzeko aukera dago. Dagoeneko Durangon, Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolan… banatu dituzte disko-liburuak. Musika ikasten ari diren ikasleentzat, profesionalentzat edo musikarekiko zaletasuna duten guztientzat prestatutako lana da.

"Lanaren helburu nagusia osabaren musika partituretara pasata irakaskuntza-tresna bihurtzea da. Eta ondare musikal moduan, musika eskoletara zabaldu nahi dugu, erabilpena ikusten badiote erabiltzeko. Horrez gain, haren desioa zen konposatu zuen musika nolabait gordeta geratzea; beraz, hala egin dugu. Guretzat ere, familiarentzat, altxor handia da", adierazi du Valentin Gomezek.

Jesus Kerexeta pianoa jotzen:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak