Guztira, lau tabernek hartu dute parte lehiaketan: Akeita, Toki Alai, Urrestilla eta Nairak eta herritarren parte-hartze handiarekin arrasta izan du Eskoriatzako Udalak antolatutako lehen edizioak. Merkataritza eta ostalaritza sustatzeaz gain, pintxoak egiterakoan, bertako produktuak erabiltzeko helburuarekin antolatu da ekimena, eta eguenetik domekara bitartean herriko giroa mugitu da lehen aldiz egin den ekimen honekin.
Maite Zubia Ekonomia garapeneko batzordeburuaren esanetan: ""Herritarrak oso pozik daude, eta baita parte hartu duten tabernak ere. Espero dugu datorren urtera begira parte hartze handiagoa izatea tabernen partetik… Hala ere, lehen aldia izateko arrakastatsua izan dela uste dugu, baina oraindik lan asko dago egiteko…".
Parte-hartze bikaina
Guztira, 211 boto jaso zituzten epaimahaikideek. Boto bakoitzak, hiru tabernetako pintxoen zigiluak jarrita eraman behar zituen, eta hamar botok ez zituzten hiru zigiluak jarrita –gutxiago zituzten– beraz; 201 boto izan dira onartuak. Hala, irabazleak 300 euroko saria eta garaikurra jaso ditu. Horrez gain, bozketan parte hartu duten guztien artean 30 euro zozketatu dira parte hartu duten tabernetan gastatzeko, eta irabazlea Ibai Alzola izan da.
Tabernek orokorrean 400-450 pintxo egin dituzte guztira eguenetik domekara bitartean, eta herritar asko probatu barik geratu dira uste baino lehenago gastatzen zirelako.
Hauek dira parte hartu duten tabernen pintxoak:
'Udazkeneko bonboia': Naira taberna. Osagaiak: Onddoak, foie grasa, arrautza eta ahuakatez, curryz eta laranjaz eginiko marmelada.
'Udazken bizia': Akeita taberna. Osagaiak: Hojaldrea, onddoak, bexamela hurrekin, sagar karamelizatua eta gazta.
'Urresabel': Urrestilla taberna. Osagaiak: Baserriko ogia, piper berdeak, tipula, txistorra, gazta eta patata frijituak.
'Ahate konfitatuzko bricka': Toki alai taberna. Osagaiak: Moldeko ogia, ahabia.marmelada, brick pasta, errege-sagarra, azukrea, gurina, ahate konfita, tipula eta tipulina.
Aitor Beitia
Naira tabernako jabea: "Ez genuen espero halako arrakastarik"
Aitor Beitia da Nairako ugazaba Jabi Tostonekin batera, eta biak pozik agertu dira pintxo lehiaketak utzi duenarekin.
Pozik garaipenarekin?
Bai, baina, batez ere, herritarrek izan duten parte-hartzearekin. Ez genuen espero halako arrakastarik. Jende ezberdina gerturatu zaigu tabernara eta hori pozgarria izan da.
Pintxo elaboratua prestatu duzue, zer izan da zailena?
Lan asko izan dugu pintxoekin. Prozesua da zailena, masa izoztu egin behar genuen arrautzaztatzeko…
Datorren urtera begira?
Gustatuko litzaiguke bigarren edizio bat egitea, eta lehiaketa hau errotzea. Antolaketa lanetarako laguntza emateko prest egongo gara, baina, hala ere, tabernen partetik parte-hartze handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, hala, lehiatuagoa izateko… [Barre]