Taberna bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du, eta, herritarrek bozkatzeko aukera izan dezaten, tabernetan eskuorri batzuk egongo dira; hala, herritarrak pintxoa dastatzen duenean, tabernariak zigilu bat jarri beharko dio eskuorrian, bere tabernari dagokion lekuan. Herritarraren botoak balio izateko, gutxienez hiru pintxo ezberdin dastatu beharko ditu, eta, eskuorria bete ondoren, taberna parte hartzaileetan egongo diren kutxetan botoa uzteko aukera izango du.
Bertako produktuak
Eskoriatzan ekoiztutako produktu bat, gutxienez, erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gainontzeko osagaiak herriko dendetan erositako produktuak izango dira, eta osagaiak Eskoriatzan erositakoak direla egiaztatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu parte hartzaileak. Pintxo irabazlea aukeratzeko, aintzat hartuko dira hainbat ezaugarri: aurkezpena, zaporea, erabilitako produktuak eta kopurua eta originaltasuna.
Irabazlea aukeratzeko botoak epaimahaiak eta herritarrek emango dituzte. Herritarren botoak zenbatu egingo dira eta boto gehien dituenari 12 puntu emango zaizkio, bigarrenari 10 eta hirugarrenari 8 puntu. Bestalde, epaimahaiak 12 puntu emango dizkio pintxo onenari, 10 puntu bigarrenari, 8 puntu hurrengoari…
Sari banaketa aurretik pintxoak plazan
Sari banaketa azaroaren 13an egingo da Herriko Plazan, 14:00tan, eta saria bakarra izango da, 300 eurokoa. 12.00etatik aurrera, aldiz, pintxoak probatzeko aukera izango da domekan, hilaren 13an, plazan. Bozkatzen dutenen artean, tabernetan gastatzeko 30 euroko saria ere zozketatuko da.
Lehiaketako oinarriak hemen ikusgai: Eskoriatzako lehen pintxo lehiaketa