Eskoriatzan xake talde bat sortu nahi du Udalak. Talde irekia, adin guztietara zabalik egongo dena, xakean ikasteko eta jolasteko aukera eskaintzeko. Eta hori egiteko boluntario bila ari da Udala, xakezaleak, jokatzen dakitenak edo ez dakitenak, interesa dutenak, gogoa daukatenak, edo denbora pixka bat duten pertsonak. Arantxa Unzueta udal teknikariaren esanetan: "Xakean jokatzen dakiten herritarrak identifikatu nahi ditugu hasiera batean, eta ondoren, taldea osatzea izango da helburua ikasi nahi dutenak batuz".
Interesa duenak kultura etxera deitu dezake, 943 71 46 88 telefonora, informazio zehatzagoa lortzeko. Horrez gainera, zalantzak argitzeko kultura@eskoriatza.eus helbidera idatzi dezake.
Xakearen onurak
Xakeak era askotako adimenak garatzen ditu –adimen emozionala barne–. Gainera, egungo gizarterako erabilgarrien diren bertuteak lantzeko balio du: arreta, autokritika, irabazi eta galtzearen kudeaketa, zirrara primarioen kontrola, pentsamolde logiko eta ordenatuan erabakiak hartzea, irudimena… Erreminta pedagogiko gisa xakeak duen balioaz egin diren ikerketek emaitza positiboak erakutsi dituzte. Horren adibide da Generalitateak bultzatutako ikerketa zientifikoa, Lleidako eta Gironako unibertsitateen eskutik egin dena. Ikerlan horren emaitza nagusia da: "Xakea ikasi duten ikasleek emaitzak hobetu dituzte, oro har, eta errendimendu akademikoa hobetu egin dute matematikan eta irakurketan".