Lander Goikoetxea: "Zergatik emakumeen saskibaloia?"

Imanol Beloki Unamuno 2016ko urr. 21a, 16:00

Lander Goikoetxea Eskoriatza Kirol Elkarteko zuzendari teknikoa.

Eskoriatza Kirol Elkarteko zuzendari teknikoa da Lander Goikoetxea, eta emakumeen saskibaloian urte askoan ibili da entrenatzaile. Emakumeak entrenatzearen alde onez eta bere esperientzia azalduz hitz egin du hurrengo lerroetan.

Urte asko daramatzat saskibaloi entrenatzaile, eta beti emakumeen saskibaloian aritu naiz. Hori izan zen Eskoriatzara etortzeko arrazoi handietako bat; izan ere, elkarteko saskibaloi arloa femeninoa da bakarrik. Lehenengo momentutik ez nuen inongo zalantzarik izan, emakumeen saskibaloia entrenatzea zen nire asmoa, horretarako prestatuko nintzen, eta lan honetan ona izatea izango zen neure helburua.

Lehenengo eta behin, niri ez zait fisikoan oinarritutako saskibaloia gustatzen, zentzuzko saskibaloia daukat gustuko. Gizonezkoen gorputzak muskulu-masa gehiago dauka emakumeenak baino, ez daukate gure abiadura, gure indarra, gure jauzi-potentzia, baina badaukate guk, gizonezkook, orokorki ez daukagun gauza bat, euren burmuina gurea baino azkarragoa da gauza askotarako. Sentitzen dut hau irakurtzen ari diren gizonezkoengatik, baina emakumeak gu baino hobeak dira arlo horretan, beharbada testosterona dela-eta kutsatuak ez daudelako. Badakit askok zer pentsatuko duzuen: "Bai, burua argi daukate, baina ez dute gizonek ematen duten espektakulua ematen". Hori pentsatzea askotan ezjakintasunaren ondorioa da. Baina bai, espektakulua ere badago saskibaloi femeninoan.

Dena den, argi eduki behar dugu entrenatzaile oso gutxik lortzen dutela lan honetaz aberastea, nire helburua ez da dirua irabaztea. Baina nire lanaren sari bezala gauza asko hartzen ditut; esaterako, jokalarien partetik datozen esker oneko keinuak. Honetan ere, emakumeak gu baino sentiberagoak dira, enpatia landuagoa daukate, eta, hortaz, gizonezkoak baino esker hobekoak dira, bai euren entrenamenduetako lanarekin eta bai euren hurbiltasunarekin.

Nire ekarpena egin nahi dut mundu honetan daukagun emakumeen gutxiespenaren kontra, nire energia erabili nahi dut. Beraiek ere guk dauzkagun aukera berak izan ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak