Urriaren hirugarren zapatuan egin ohi den Arizmendik antolatutako jaian, guraso batek kontatuta, urtero huts egin ez duen ipuin kontaketak, antzinako jokoak, tiragomekin jolasak, eski jolasa, harriekin petanka, goitibeherak, txokolate-jana eta beste hainbat ekintza izan ohi dira. Zapatuan, 15:30etan, Intxaurtxuetatik autobusean abiatu ziren Apotzaga elizatera Jose Arana eta Almeneko ikasleak –bi urtetik gorakoak eta Lehen Hezkuntzako laugarren mailara artekoak– eta arratsalde pasa ederra egin ostean, 19:00etan bueltatu ziren Eskoriatzara. Eguraldia lagun izanda, giro aparta izan zen bertan, eta Ezkurtxo maskotarekin gustura aritu ziren haurrak jolasean. Guztira, 300 pertsona inguru batu ziren bertan, haur, senitarteko, irakasle eta herritarrak barne.
Helburuak beteta
Eskoriatzako zazpi elizateak ezagutzeko –Apotzaga, Bolibar, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz–, euskara eta irakurzaletasuna bultzatzeko eta lagun artean eta familiarekin batera egun ona pasatzeko helburuarekin antolatutako jaiak bere fruituak eman zituen, gainera. Jose Arana ikastolako irakasle Lierni Altunaren esanetan: "Gure zuhaitz bat haritza da, eta Jose Aranaren zigilua edo marrazkia ezkur bat zen, eta da. Hortik abiatuta ezkurtxo sortu genuen, udazkenarekin lotu eta ikastolaren identitatearekin lotuz. Horrez gain, euskarari eta irakurzaletasunari bultzada ematea du oinarri jaiak".
Egun aparta, ekintzaz beteta
Apotzaga auzora iritsi berri, San Bernabe ermita bisitatu zuten bertaratu zirenek, eta ondoren denetariko ekintzak izan ziren haurrentzako. Beste urte batzuetako edizioekin alderatuta, parte-hartzea handiagoa izan zen. Izan ere, autobusak hiru buelta eman behar izan zituen autobus geltokian zeudenak elizatera eramateko, beste edizio batzuetan ez bezala. Gainera, duela hamar urte inguru Arantzazu Idigoras gurasoak sortutako Ezkurtxo abestia ere ikasita eraman zuten txikienek, eta Jose Arana ikastolakoek ezkurtxoren irudiaren maskarekin abestia kantatzen pasa zuten arratsalde osoa. Hona hemen kanta: –Ezkur bat, ezkur bi / udazkena etorri / Ezkur bat, ezkur bi / saltoka zu eta ni / aurtengo neguan/ elurra ugari/ ezkur bat, ezkur bi/ zuhaitzetik erori–. Amaitzeko, txokolate-jana egin zuten eta Eskoriatzara 19:00etan bueltatu ziren, autobusez, egun ederra pasa ostean.
Jose Arana guneko arduradun Amaia Arrietak egunaren balorazio positiboa egin du: "Giro aparta izan zen Apotzagan, eta, autobusak hiru buelta egiteaz gain, oinez eta autoetan igo ziren eskoriatzar eta aretxabaletar ugari. Ea datorren urtean ere hala izaten den".
Elizateez gain, Ezkurtxo herrian
Zazpi elizate daude Eskoriatzan, baina inoiz Gatzaga ere sartu dute Ezkurtxo jaiaren barruan, nahiz eta herria izan, eta ez elizatea, bertako haurren gurasoen eskaerei erantzunez bigarren itzuleran egin zen eta bertan egiten jarraitzea ere adostu dute antolatzaileek.