Formazio zikloari hasiera emateko, zapatu honetan, Nerea Mendizabal psikopedagogo, haur masaje munduan aditu eta gizarte hezitzaileak Errespetuzko komunikazioa, bizitzarako komunikazioa tailerra emango du. Haurrekin, lagunekin, bikotekidearekin… erlazioak zaintzeko nola hitz egin eta nola entzun lantzea izango da tailer honen helburua. Norberarekin eta ingurukoekin ditugun harremanetan gertu sentitzeko eta disfrutatzeko Marshall Rosenberg-en eredua aurkeztu eta praktikatzeko aukera izango da. Tailerra zapatuan izango da, 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etatik 18:00etara kultura etxean. Informazio gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak 943 71 46 88 telefonora deitu dezake.
Drogamenpekotasunaz
Tailerraz gain, bi hitzaldi izango dira formazio zikloaren barruan. Horietako bat Drogamenpekotasunaren prebentzioan gurasoen esku-hartzea izango da. Izar Arregi psikologo terapeutak emango du hitzaldia, eta bertan, galdera hauek izango dira aztergai, besteak beste: "Noiz da kontsumo kezkagarria? Zer egin dezakegu guraso bezala?".
Urriaren 19an, eguaztenean, izango da hitzaldia, kultura etxean, 17:30ean euskaraz eta 19:00etan gazteleraz.
Genero portaera lantzen
Bigarren hitzaldian, genero portaera haurren eta nerabeen artean gaia landuko da. "Neskak edo mutilak gara, baina, zergatik egiten dugu ezberdintasun hori? Zer ezaugarri ematen dizkiegu neskei? Zeintzuk mutilei? Genero batetik bestera aldatu daiteke? Genero bikotik genero aniztasunera hitzaldian, kontzeptu berriak ikasteaz gain, aukera berriak irekiko zaizkigu. Dena ez da zuri edo beltz, eta kolore paleta askoz ere zabalagoarekin margotu ahal izango dugu, bakoitzak (beharrezkoa balu) bere egoerara hobekien egokitzen den kolorea aurki dezan". Urriaren 26an, eguaztenean, 15:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz izango da, eta hitzaldia Guztiok elkarteak, sexu aniztasuna eta askatasunaren aldeko elkarteak, emango du.