Turismoa bultzatzeko 'Enekoren Gaztelua' ibilbidea prest dago

Imanol Beloki Unamuno 2016ko ira. 2a, 11:44
Familia 'Eskolore' ibilbidetako bat egiten. Eskoriatzako Udala

Abuztuan bisita gidatuak izan dira Eskoriatzako hainbat leku ezagutzeko. Udalak antolatuta, Ibarraundi museoa, Zubiate labea, Elorretako errota eta Atxorrotxeko indusketak bisitatu ahal izan dira. Gainera, azken urteotan moduan, Iñaki Sagredo arkeologoaren gidaritzapean indusketak egiten izan dira Atxorrotxen, eta berari laguntzen hamahiru boluntario izan dira. Nahi izan duenak bere kabuz bisitatu ahal izan ditu indusketak, eta honekin batera, Eskolore Ibilbideak proiektuaren barruan, Enekoren Gaztelua izeneko ibilbidea egiteko aukera ere izan da.

Enekoren Gaztelua bidea

Atxorrotxeko gaztelua, lehen aldiz, Atarrabiako foruari buruzko 1184. urteko dokumentu batean  aipatzen da, Aizorroç-eko Enecone de Oriz aipatzen denean. Eneco de Orizen gazteluak lurralde zabala kontrolatzen zuen, batez  ere, merkataritzarako biderik garrantzitsuenak, baina baita espazio txikiak, larreak eta merkataritzarako bide txikiak ere. Bertan, zergak bildu, justizia administratu eta mugape hori defendatzen ziren. Burdinolak, mendiak eta gatzagak koroaren ondare ziren, eta Enecone de Orizen ardura zen horiek ondo administratzea.

Testuinguru honetatik abiatuz, Udalak Enekoren Gaztelua bidea sortu du Eskolore proiektuaren barruan, beste hainbat bide ere seinalatuz.

Edozeinek egiteko modukoa

Eskoriatzatik Gatzagaraino doan bidea da Enekoren Gaztelua, 7,57 kilometrokoa dena, eta bi ordu eta 45 minutuan egin daiteke. Zailtasuna, berriz, erreza da, eta edozeinek egiteko modukoa.

Eskolore proiektuaren barruan, beste hainbat bide ere badaude egin daitezkeenak. Latabide da horietako bat. Eskoriatzako iparraldeko auzoak ezagutzeko parada ematen du, eta lau ordu eta hamabost minutuan egin daitekeen hamabi kilometroko bidea da. Bertan, Apotzaga elizatean, San Migel parrokia eta hilerri zirkularra ikus daitezke, EAEko monumentu multzo izendatuta dagoena. Gellaon, Andre Mariaren Zeruratzearen parrokia dago ikusgai, ate erromanikoa duena… besteak beste.

Egin daitekeen beste ibilbide bat Mandobide da. Hamabi kilometro dira eta hiru ordu eta erdian egin daiteke. Bolibar elizatean, San Migel parrokia ikus daiteke, XVIII. mendeko egurrezko bobeda duena. Mendiola elizatean,  aldiz, San Joan Bataiatzailearen parrokia ere ikus daiteke… besteak beste.

Trenbide, aldiz, Eskoloreko ibilaldirik luzeena da, hogeita bost kilometrorekin, eta zazpi orduren bueltan egin daiteke. Mazmela elizatean, Andre Mariaren Zeruratzearen eliza dago. Marin elizatean, Santa Maria Magdalena parrokia eta estilo neoklasikoko hilerria. Zarimutz elizatean, aldiz, San Pedro parrokia eta gerra zibila amaitu ondoren eraikitako monolitoa… daude ikusgai, besteak beste.

Bide hauez gain, herriguneko Eskolore bidea edo Tumuluen ibilbidea ere markatuta daude. Informazio gehiago Eskoriatzako webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak