Urte askotan finkatutako danborradek, baina, urtetik urtera zailtasun handiagoekin egiten dute topo eta aurten antolatzaileek arriskuan ikusi dute haurrena. "Izen-emate paperak jaso genituenean, 50 lagun bakarrik genituen, eta bertan behera uztekotan izan ginen, baina entseguekin hasi eta egunetik egunera jende gehiago hurbiltzen joan zen. Azkenean, lau eta hamahiru urte bitartean dituzten 105 laguneko kuadrilla batu da. Kezkatzen hasita gaude, ez dakigu zenbat urtetan jarraitu ahal izango dugun. Ez dakigu zein den beherakadaren arrazoi zehatza: batzuk nekatuta daudela, beste batzuk oporretan kanpora doazela... Gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da, eta hori ere beheraka doa, zoritxarrez", azaldu du Idoia Esnaolak, haurren danborradako arduradunak.
Txikienean, zazpi konpainia
Sukaldari handien, sukaldari txikien, barril-jotzaileen eta danborrerien hiru konpainiez gainera, aspaldiko partez, urketarien taldea ere izango da. "Hasieran horren triste ikusten genuenez, azkeneko urteetan alboratutako konpainia berreskuratzea pentsatu genuen. Pitxar-urak beharrean lore sortak eramango dituzte", dio Esnaolak.
Horiekin guztiekin batera, musika eskolako bandako musikariak eta hainbat gurasok egin duten karroza ere izango dira. "Aitona-amonei omenaldia egin gura izan diegu, eta, horregatik, haurrentzako jolas-parke bat irudikatuko dugu aurtengo karrozan. Iturri bat, banku bat, zuhaitzak eta bestelakoak ikusiko dituzue. Karrozaren gainean, zaharren egoitzan bizi diren bi aitona-amona joango dira hainbat ume alboan izango dituztela", azaldu du Alberto Royo gurasoak, eta zera gaineratu du: "Iaz, hemendik eta handik hartutako osagaiekin osatu genuen karroza; aurten, baina, goitik behera egin dugu guztia. Lan handia izan da, baina txukuna geratuko da. Datorren urterako, lekuko aldaketa eskatu dugu, orain arteko jardun dugunok erretiroa hartzeko asmoa dugu eta".
Emakume kirolarien omenez
Amuska Emakume Elkarteko kideak ari dira aurten ere helduen danborradako karroza egiten. Emakumeak eta kirola gaia aukeratu dute oraingoan, urte askotan ezkutuan izan diren emakume kirolariak plazara aterata merezitako omenaldi xumea egiteko asmoarekin.
Haurren danborradan moduan, zazpi konpainia izango dira helduenean ere. Hiru elkarte gastronomikorekin -Elizoste, Egokiena eta Dorleta- batera, Amuska elkartea, Eguzkilore taldea, Gu Geu konpainia eta Gazte Asanbladakoak izango dira. Urtero moduan, San Pedro auzotik abiatuko dute ibilbidea, eta, herriko bandaren doinuekin lagunduta, hamar kantu joko dituzte; besteak beste: Txispun, Tatiago, Diana, Deba, Irigiarena eta Eskoriatzako himnoa. Entseguetan ikasitakoa herritarren aurrean erakusteko atzera kontaketa hasita dago!
Garbiñe Nuñez, danborradako zuzendari nagusia: "Zuzendari izatea aldaketa handia izan zen niretzako, baina orain, gustura nago"
Hamalau urte bete ditu dagoeneko Eskoriatzako helduen danborradan aspalditik Eskoriatzan bizi den Garbiñe Nuñez arrasatearrak. Orain dela lau urte zuzendariaren makila hartu zuen.
Danborrada oso gustuko duzu.
Bai; oso gazte hasi nintzen Arrasatekoan, banderadun moduan irteten; eta Eskoriatzakoan, berriz, hainbat konpainiatan atera naiz: Amuskakoekin lehenengo, Gu-Geu taldean gero, eta Eguzkiloren ondoren.
Eskoriatzako danborradako lehenengo emakume zuzendaria zara.
Ohorea da niretzat, baina, egia esateko, ez nintzen horren garrantziaz ohartu senarrak esan zidan arte. Zuzendari nagusiaren lana talde guztiak antolatzea izaten da; baina, nire kasuan, ez nago bakarrik, jende askok egiten du lan, dena ondo irten dadin.
Nola sentitzen zara ekainaren 28an?
Urduri samar izaten naiz, baina, orokorrean, asko gozatzen dut.
Nola doaz prestaketa lanak? Ze itxura hartzen diozu aurtengoari?
200 lagun inguru izango gara, musika banda barne. Ekainean egiten ditugu entseguak, astean birritan. Ahalik eta ondoen jotzen saiatu gara, baina garrantzitsuena ondo pasatzea da!
Herritarrak nola portatzen dira?
Eskoriatzarrek oso gustuko dituzte herriko jaiak. Danborrada ikusteko ohitura handia dago, eta espero dut aurrerantzean ere horrela izatea.