Eskoriatzako Ferixiek 20 urteak ospatuko ditu

Imanol Beloki Unamuno 2016ko eka. 2a, 18:02
Iaz, Eskoriatzako ferian herritarrak postu artean. | imanol soriano

Arizmendik antolatuta, Eskoriatzako Udalaren, herriko komertzioen, elkarteen, eta abarren laguntzarekin, XX. Ferixie izango da zapatuan, eta, aurten, Almeneko 50. urteurrenarekin batera ospatuko da.

Goizean, herrian izango da feria, eta herriko zein Euskal Herri osoko baserritar eta artisauak batuko ditu Eskoriatzak. Hainbat ekintza egongo dira goiz osoan zehar eta eguerditik aurrera Almen ikastolako gunean jarraituko du festak.

Etxafuego jaurtiketarekin emango zaio hasiera feriari, eta, ondoren, kalejira egingo da txistulariekin. Postuak berriz 10:00etan irekiko dira, eta, urtero moduan, baserriko produktuak eta elikagaiak, artisautza-lanak, tresneria… izango dira ikusgai eta salgai. Postuak zabaldu eta gutxira txorimalo lehiaketa egingo da, hemeretzigarren aldiz. 11:00etan, haur eta gaztetxoendako tailerrak egongo dira Santa Marina plazan; gero, txistulariekin kalejira egingo da. 12:00etan, Jose Arana herri eskolakoek ikuskizuna eskainiko dute plazan eta Almengo LHkoek, berriz, dantza ikuskizuna. Hauek amaitzean, Eskoriatzako dantza taldearen saioa egingo da herriko plazan, eta 13:15ean, txorimalo lehiaketaren sari banaketa egingo da Jose Arana ikastetxearen aurrean. Sari banaketaren ondoren, errifa zozketa egingo da, h14:00etan, eta herriko feria orduan amaituko da.

Autobus zerbitzu berezia

Eguerdian, feria amaituta, festak Almengo gunean jarraituko du, herri bazkariarekin, eta, jendea gerturatzeko, autobus zerbitzu berezia da. Hala, festa handirako, feriatik Almenera joateko autobusak egongo dira, Intxaurtxueta auzotik irtenda, 11:30etatik 14:30etara, ordu erdian behin.
Bestalde, gaurko 14:00etatik biharko 16:00ak arte, bidea itxita egongo da Gaztañadui kaleko 15. zenbakitik Aranburuzabala kaleko 12.era.

Almengo festa handia

Almen ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko, Almen gunean hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar: zumba herrikoia, bertso saioa Jon Sarasuaren, Jon Maiaren, Amets Arzallusen eta Jokin Labaienen eskutik, kirol ekintzak musikaz girotuta, txosnak egunean zehar gazte eta helduentzat jateko eta edatekoarekin, Torrebasoko igoera haur gazte eta helduentzat taldeka…

Eguerdian, aldiz, bazkaria egingo da, 14:30ean, eta aukera ezberdinak egongo dira horretarako: txosnetan ogitartekoak janda, etxetik eramanda bazkaltzeko gunean, edo kiroldegian egingo den bazkarian. 16:00etan, haurrentzat jolas bereziak egingo dira, eta, hauekin batera, kontzertuez gozatzeko aukera izango da: ikasleenak, Screamers & Sinners taldearena eta Akerbeltz erromeria taldeak eskainitakoak.

Meza zapatuan

Almengo hildako partaide (guraso, ikasle, irakasle, langile eta kolaboratzaile) guztien oroimenez meza izango da Gatzagako Dorletako santutegian. Zapatuan 10:30etan izango da, eta meza Iñaki Sarasuak emango du. Bertan izango da Aretxabaletako abesbatza ere. Hala, bertaratzeko gonbidapena egin dute Almendik.

Erlazionatuak

Jose Arana gunean obrak egingo dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2016 mai 31 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak