Zer ekarpen egin diezaiokete arte martzialek bullying-ari?
Bullying-aren kontua, zoritxarrez, egunerokoan dugun zerbait da, eta ikasle batzuek sufritzen dute. Guk arte martzialek gaitz hau borrokatzeko zer ekar dezaketen aztertu dugu. Ditugun baloreak, eta arte martzialetan dabiltzan gazteak zer baloreetan hezten diren, hain zuzen ere. Biktimak badira, aurre egin ahal izateko, eta ikusleak badira, erasotzaileen edo bullying horretan parte hartzen dutenen jarrera gaitzesteko.
Hezkuntza pauta batzuk ematea da helburua. Kolektibo baten egongo dira, eta egiten diren aktibitateak, fisikoak izango dira, borroka ardatz izanik, baina abusatzearen beharrik ez dagoela ere erakutsiko die era berean.
Nori zuzendua dago?
Herritar guztiei zuzenduta dago hitzaldia. Ikuspuntu orokor batetik begiratu behar dugu. Gurasoei etxean izan dezaketena hobeto ikusteko balio ahal izango die eta arazoak izan ditzaketenei nora eta nola zuzentzeko balioko die. Beraz, guztiendako moduko hitzaldia izango da.
Aurretik ere hitzaldiak eman dituzu gai honekin loturik. Entzuleek parte hartzen dute?
Egia esateko beste bi alditan hitzaldi hau emateko aukera izan dut, eta ez zen talde handi bat gerturatu. Hala ere, interes handia erakusten du jendeak, ikuspegi berria delako. Arte martzialak beti identifikatu dira alde agresiboarekin, baina ezjakintasun handia dago. Eta beste aktibitate batzuei egin diezaioketen onurak ere baditu.
Kenpoan maisua zara, baina arte martzialak orokorrean aipatzen dituzu hitzaldietan...
Bai, nik kenpoa egiten dut, baina beste batzuk ere jorratu ditut, eta edozein arte martzialek errespetua lantzen dute, batez ere. Adibide moduan, beti agur batekin hasten da borroka, eta beste agur batekin bukatzen da. Ditugun baloreak, eta bizitzari aurre egiteko modu honek, beraz, bullying-aren aurka borrokatzeko balio digu.