Eguaztenean, Huhezi unibertsitateko areto nagusian, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da txartelak banatuko diren lehenengo eguna. Auzo hauetako bizilagunak joan ahalko dira hauek jasotzera: Aingeru Guarda, Antxontxu bidea, Aranburuzabala, Arbiñoste, Dorleta, Kuatruena eta Olaeta.
Bigarren txanda, berriz, eguenean izango da, Ibarraundin, eta banaketa ordutegi berean egingo da: Eduardo Gorosarri plaza, Elorreta, Gaztañadui, Hidalga, Jose Arana, Olazar, San Juan, Santa Ana eta Santa Marina auzoetako herritarrek pasa beharko dute bertatik.
Azkenik, egubakoitzean, Intxaurtxueta eta San Pedro auzoetako bizilagunek jasoko dituzte, Ibarraundin, aurreko egunetako ordutegia errespetatuz.
Txartela jaso ezin duenak
Bizilagunen bat ezin bada dagokion egunean joan txartela jasotzera, martxoaren 14tik aurrera Ibarraundi museoan jasotzeko aukera izango du goizez, 14:00ak arte. Senide edota lagun baten txartela jaso dezake gura duenak, baina, horretarako, harremanetarako bere telefonoa eman beharko du txartela eskatzen duenak. Zalantzak argitu nahi dituenak hondakinen informazio bulegotik pasa edo 688 862 527 telefonora deitu dezake.
Elizateetan bizi direnek, aldiz, ez dute txartelik jaso beharko; izan ere, hauek orain arte moduan funtzionatuko dute, auzoetan dituzten edukiontziekin eta nor bere giltzarekin.
Edukiontziaren azalpenak
Txartelak banatuko diren aipatutako hiru egunetan azalpenak ere jasoko dituzte bertaratzen diren herritarrek.
Gune bakoitzean lau mahai izango dira, eta bertan, Mankomunitateko bi pertsona eta Udaletik beste bi ordezkari izango dira txartelaren funtzionamenduaren azalpenak ematen.