Garai batean, urte horretan soldaduskara joan behar zuten mutil gazteak, kintoak, izaten ziren Santa Ageda eguneko protagonista nagusiak. Aurretik zeukaten urte gogorraren aitzakian edo, eskean ibiltzen ziren baserriz baserriz, eta herritik zehar. Soldaduskara derrigorrean joateko legea bertan behera gelditu zen, baina Eskoriatzan kintoen ohitura mantendu egin da. Horregatik, Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, urte horretan hemezortzi urte betetzen dituzten gazteak eskean eta kantuan ibiltzen dira herriko auzo guztietatik.
Eguna heldu aurretik, martitzenetan eta eguenetan dantzak eta kantuak entseatzen dabiltza, kultura etxean, Eskoriatzako 1998. urteko kintoak. Izan ere, otsailaren 4an baserriz baserri ibili beharko dute egun guztian zehar kantuan, trikitia eta panderoaren laguntzaz. Taldetxoetan banatuta Eskoriatzako auzo guztietatik pasatzea lortzen dute, eta ibilbide gehiena oinez egin behar izaten dute.
Aurten 26 gazte irtengo dira eskean. "Urtarrilaren lehenengo astean hasi ginen entseguekin. Astero egiten ditugu, ordubete gutxi gorabehera, eta nahiko ondo doaz. Ni dantza taldean ere ibili nintzen, beraz lehenagotikdantza hauek ezagutzen nituen. Hala ere aurreskua eta banakoa entseatzen ibili gara. Gero beste batzuk, aurreskua egitean, plazara aukeratutako norbait ateratzeko ere entseatzen dabiltza. Kantuak ere entseatu behar izan ditugu. Hiru kopla eta agurra abesten ditugu", azpimarratu du Sara Agiriano eskoriatzarrak.
Ohiturak aldatzen
Santa Ageda egunaren inguruko tradizioak mantenduta, emakumeak ere festaren parte direla erakutsi dute eskoriatzarrek. Izan ere, tradizioz bakarrik gizonezkoek parte hartzen zuten festa izan dena, guztien festa bilakatu da azken urteetan. 2006 urtera arte, emakumeak, aurreskuan gonbidatu modura bakarrik ateratzen ziren, eta 2007tik aurrera, berriz, emakumeek egun osoan zehar hartzen dute parte.
Kinttaden Eguna
Festa ospatuko den bosgarren urtea izango da. Izan ere, Santa Ageda egunaren inguruan kintoak batzeko sortutako festak indarra hartu du eskoriatzarren artean. Goizetik ekiten diote festari Eskoriatzako kinttada ezberdinek eta herriko tabernak jai giroarekin betetzen dituzte. Festa bizkor errotu da Eskoriatzan, eta egun honetarako janzkera beharrik ez dagoen arren, kinttada gehienek taldea identifikatzen duen zapi edo kamiseta bat eramaten dute.