3.289 eskoriatzarrek izango dute bihar botoa emateko eskubidea

Ohiko hauteskundeen modu berbera erabiliko da herri galdeketan. Hiru aukera egongo dira; bosgarren edukiontzia, atez atekoa eta sistema mistoa. Kultura etxean lau mahai jarriko dira, hauteskundeetako bi sekzioak eta lau mahaiak mantenduta. Botoa 09:00etatik 20:00etara bitartean eman beharko da, eta emaitza egunean bertan jakinaraziko da. 

Bihar egingo da hondakinen bilketa sistemaren gaineko herri galdeketa Eskoriatzan. Kultura etxean lau mahai jarriko dira, hauteskundeetako bi sekzioak eta lau mahaiak mantenduta. Botoa 09:00etatik 20:00etara bitartean eman beharko da, eta emaitza egunean bertan jakinaraziko da. 

Hau izango da galdera: Hondakinak selektiboki biltzeko hiru sistema hauetatik, zein nahi duzu Eskoriatzan erabiltzea? Eta hiru erantzun hauen artean aukeratu beharko da: Edukiontzi kolektiboak –5. edukiontzi sistema–, Edukiontzi indibidualak –atez ateko sistema– eta Edukiontzi kolektiboak eta indibidualak –sistema mistoa–. X batekin markatu beharko da hiru aukeretako bat, eta aukeratutako sistema udalerri osoan ezarriko da, bai erdigunean eta baita Eskoriatzako auzo eta elizate guztietan ere.

Botoa emateko, orri bakoitzean erantzun bakarra jarri ahal izango da, eta herritarrek botatzeko eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, Udalak beraien esku jarriko ditu boto-txartelak eta gutun-azal ofizialak. Eredu ofizialetan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira.

Botatzeko eskubidea daukate 1997ko azaroaren 29an edo lehenago jaiotakoek, eta Eskoriatzan erroldatuta egon beharko dute 2015eko irailaren 22a aurretik. Hain zuzen ere, 3.289 eskoriatzarrek daukate botoa emateko eskubidea, azken orduan egindako aldaketen arabera.

Aurretiazko botoak

Botoa aurretik emateko hiru egun ezarri ziren: azaroaren 20a, 23a eta 24a. Hala, hiru egun horietan egon da aukera botoa aurretik emateko, eta, guztira, 88 pertsonak eman dute aurretiazko botoa.

Boluntarioak aukeratuta

Hiru lagunek osatuko dute kultura etxean egongo diren lau mahaietako mahai bakoitza: mahaiburu bat –Udaleko langilea izango da– eta bi mahaikide –herritar boluntarioak izango dira–. Guztira, bederatzi boluntario aurkeztu dira, eta, zortzi behar zirenez, bat ordezko geratuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.