3.300 pertsonak izango dute herri galdeketan bozkatzeko eskubidea

Imanol Beloki 2015ko aza. 6a, 08:47

Hiri hondakinei buruzko galdeketa azaroaren 29an, domekan, egingo dute, Eskoriatzako kultura etxean, eta 09:00etatik 20:00etara bitartean egongo da aukera botoa emateko. Lau mahai jarriko dituzte, eta emaitza egunean bertan jakingo da, hauteskundeetan bezala. Herri kontsulta horretan bozkatzeko eskubidea izango dute bi baldintza betetzen dituztenek:  18 urtetik gora dituztenek eta Eskoriatzan erroldatuta 2015eko irailaren 22a aurretik daudenek. Guztira, 3.300 pertsona izango dira, behin-behineko datuen arabera, boto eman ahalko dutenak.

Errolda jendaurrean

Bozkatzeko eskubidea izango dutenen errolda jendaurrean egongo da azaroaren 12ra arte (eguena), udaletxeko harrera bulegoan, 09:00etatik 14:30era, astelehenetik egubakoitzera. Epe horretan, interesdunek errolda aztertu ahal izango dute, eta, akatsik egonez gero, haiek zuzentzeko eska dezakete.

Udalbatzak hartutako erabakiaren arabera, herri-galdeketan egingo den galdera hau izango da: Hondakinak selektiboki biltzeko hiru sistema hauetatik, zein nahi duzu Eskoriatzan erabiltzea? Hiru aukera egongo dira: bosgarren edukiontzia, atez atekoa eta sistema mistoa. 

Herri galdeketaren prozedura hauteskundeetan erabiltzen den bera izango da, hainbat egokitzapenekin. Esaterako, posta bidez bozkatzeko aukerarik ez da egongo, baina aurretik eman ahalko da botoa, udaletxean, idazkariaren aurrean.

Aurretik emandako botoak

Hain justu, azaroaren 29an bozkatu ezin dutenek aurrez bozkatzeko aukera izango dute, azaroaren 23an eta 24an. Hautesleak bere burua identifikatu beharko du, edozein hauteskundetan onartutako dokumentu ofizialak aurkeztuz, baina originalak izan beharko dute, ez baita fotokopiarik onartuko.

Boto emaileak gutun-azal ofizialean sartuko du bere botoa, eta, gutun-azala itxi ondoren, emango zaion beste gutun-azal baten sartuko du aurrez bozkatzeko eskaera-inprimakiarekin batera. Bigarren gutun-azal horretan izena, abizenak eta helbidea jarri beharko ditu, erroldan agertzen diren moduan, eta gutun-azalaren atzealdean sinatu egingo du. Botoa hautetsontzian sartzerakoan, ikusten baldin bada boto emailea ez dagoela erroldan izena emanda, botoa ez da ontzat, ez baliogabetzat, ez zuritzat hartuko, ezin baita kontuan hartu boto emailea, eta, beraz, mahaiburuari bidalitako gutun-azala eta barruko dokumentazio guztia suntsitu beharko da.

Mahaiko boluntarioak

Bestalde, hauteskunde mahaiak osatzeko ezohiko prozedura erabiliko dute, hasiera batean: boluntario bitartez. Boluntario izan nahi duenak hainbat baldintza bete beharko ditu: erroldan inskribatuta egotea, 18 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, eta eskola graduatu titulua edo baliokidea izatea. 

Azaroaren 17a –hori barne– izango da boluntario gisa aurkezteko epea, eta boluntarioak aukeratzeko zozketa, berriz, azaroaren 18an, 18:30ean, egingo dute. Interesdunek udaletxeko harrera zerbitzuan eman beharko dute izena, 09:00etatik 14:00etara. Boluntariorik aurkezten ez bada, mahaiak osatzeko ohiko zozketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak