Bileretan batutako behar eta proposamenekin zerrenda luze bat egingo dute, eta, erabakiak hartu baino lehen, Hirigintza eta Zerbitzu batzordera eroan, eta han baloratuko direla azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak. "Zailtasunen arabera sailkatuko dira proposamenak; eragin potentzialak direnak, dakartzaten gastu ekonomikoen araberakoak, eta beharren arabera proposamen bereziak aztertuko ditugu, obra handiak beste era batera tratatuz, hauek baztertu gabe".
Bileren funtzionamendua, berriz, orientatzailea izango da, eta, herritarrak bi multzotan batuko diren arren, parte hartzeko hainbat aukera egongo dira.
Lehenengo bilera urriaren 19an, astelehena, 19:00etan izango da Ibarraundi museoan. Gellao, Mendiola, Apotzaga, Bolibar eta Lete elizateetako eta Intxaurtxueta, San Pedro, Gaztañadui, Gorosarri plaza eta Santa Ana auzoko biztanleak elkartuko dira.
Bigarren bilera, ostera, urriaren 21ean izango da, eguaztena, 19:00etan, Huhezin. Eta elkartuko dira Olaeta plaza, Hidalga, Arana, San Juan, Aranburuzabala eta Aingerualde kaleetako bizilagunak eta Mazmela, Marin, Zarimutz, Elorreta, Olazar eta Dorletakoak.
Multzo horiez gain, herrian ibiltzen den lekuen arabera, jendea bilera batera edo bestera joan daiteke. "Izan ere, herritar batek hobeto ezagutzen du egunerokotasunean ibiltzen den toki edo auzoa ibiltzen ez denak baino". Parte hartzeko beste bide batzuk ere zabalduko ditu Udalak. Posta elektronikoz honako helbide honetara idatzita: hiriberritzeplana@eskoriatza.eus. Hala, eskoriatzar guztiak animatu dituzte "gogotsu" parte har dezaten: "Denon artean etorkizuneko Eskoriatza hobea eraikiko dugulako".
Bestalde,Udalak gura du erretiratuen elkarteak modu aktiboan parte har dezan ekimen horretan: "Zahartze aktiborako programaren ildotik, haien ekarpenak oso baliagarriak izan daitezkeelako".
Elizateekin batzartuta
Eskoriatzako alkatea elizateetako bizilagunekin izan da, eta hiri-berritze bileretarako aurre-lana egin du Udalak. Egin dituzten bileretan, komunak diren gaiak azaldu dira. Esaterako; Bidegiko gorabeherak, ur sarbideak, wifi eta telebista konexioak, ibilgailuen abiadura handiengatik hartu beharreko neurriak…
Elizateetako auzokideen harrera ona aipatu du Joserra Zubizarretak: "Elizateetako auzokideen partaidetza oso handia izan da, eta herri mailan ere halakoa izatea espero dugu".