Almen-Arizmendiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailakoak eta Luis Ezeizako Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoak zaharren egoitzakoak bisitatzera joan dira, eta, bide batez, Eskoriatzako hainbat txoko erakusteko konpromisoa hartu dute. Eguraldiarengatik, hainbat irteera ez dituzte egin, eta irteera bat edo beste egiteke geratu da. Udal Liburutegia, Zaldibar antzokia, Ibarraundi museoa, Zubiate labea, Santa Marina plaza… ikusi dituzte, eta gaztetxoak eta zaharren egoitzakoak oso pozik ibili dira.
Iratxe Arrillaga zaharren egoitzako psikologoaren esanetan: "Esperientziak partekatzen dituzte, eta, hala, denok irteten gara irabazten. Zubiate labera joan ginenean, esaterako, aspaldiko zeramika piezen kontakizunak eman zituzten egoitzakoek, eta umeak gustura egon ziren entzuten. Liburutegia, esaterako, ez zuten ezagutzen zaharren egoitzako hainbatek, eta leku horiek konpainia ezin hobean ikustea esperientzia berria izan da". Bestalde, kalean zehar paseatzean herritarrek begi onez ikusi dute ekimen hori, eta hunkigarria dela adierazi du Iratxe Arrillaga psikologoak.
Zaharren egoitzakoek ez dute ekimena aste bakarrean geratzerik nahi, eta ikastetxeekin batuko dira bilera bat egin eta ekintzari jarraikortasuna emateko.
Jose Aranatik ere hilero
Gaztetxoak eta zaharrak batzea ez da gaur egungo kontua soilik. Izan ere, iaz, Jose Aranako 4 eta 5 urteko haurrak ere hilean behin bisitan izan ziren martxotik maiatzera bitartean. "Aspaldiko jokoak erakusten dizkiete egoitzakoek; kanika jokoa, esaterako. Batak bestearen izena ikasten du… Egoitzatik ere izan gara bertako instalazioak ikusten", dio Arrillagak.
Ekimen hori aberasgarria dela uste dute, eta urritik aurrera egiten segitu nahi dute zaharren egoitzakoek.