ELA sindikatuaren bitartez kaleratutako prentsa oharrean, langileek "kezkatuta" daudela diote, eta honako hau azaltzen dute: "Enpresa Batzordeak sarri eskatu dio Zuzendaritzari etorkizuna bermatuko duen plan bat. Eskoriatzan produkzioa eta gaur egun dauden lanpostu guztiak mantentzeko balioko duen plan bat". Gaineratzen dutenez, Eusko Jaurlaritzako Lan sailarekin bilera egin zuten maiatzean eta Assa Abloy multinazionalarekin egongo zirela eta gero langileekin harremanetan jarriko zirela esan zieten, baina "oraindik zain" daude Eskoriatzako langileak.
"Lantegia Eskoriatzan mantentzea"
"Zuzendaritzak behin eta berriz esan digu ez duela planik aurkeztuko, ahal duten guztia egiten ari direla eta ez dutela Eskoriatzako lantegi arriskuan ikusten. Baina berriro urte bukaerarako beste 5 lanpostu ezabatzen ditu. Irteera hauekin lanpostuak ia erdira jaitsi dira Eskoriatzan azken hiru urte hauetan", esaten dute langileek prentsa oharrean.
Assa Abloy multinazionala da Eskoriatzako lantegiaren jabea, eta hari eskatzen diote "lantegia eta langileak Eskoriatzan mantentzea".
Hori dena eskatzeko egingo dute lanuztea bihar, irailak 16, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea ere egingo dute.
GOIENA harremanetan ipini da Tesako zuzendaritzarekin. Zuzendaritzak esan du ez duela inongo adierazpenik egingo gai horren inguruan.
Ez da hau azken urteetan Tesan izan den lan-gatazka bakarra. 2012an, hainbat kaleratze egon zen eta langileek mobilizazioak egin zituzten.