Lankideen "kaleratzeak salatzeko" elkarretaratzea egin dute Tesan

Mirian Biteri 2012ko ots. 23a, 16:41

Tesa Assa Abloy despidorik ez!! lelopean elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian enpresako langileek. Medikuaren kaleratzea salatzearekin batera, martxoa amaitu aurretik beste 15 langile kalean geratuko direla arbuiatu dute. Enpresako zuzendaritzarekin harremanetan jarri gara eta oraingoz adierazpenik egiteko asmorik ez dutela jakinarazi digute.

Enpresa aurrean egindako elkarretaratzean, hango langile Igor Ferrerak azaldu du medikuaren kaleratzea salatzea zela hitzordu horren hasierako asmoa.

Baina, gaur bertan zuzendaritzarekin izandako batzarrean, jakin izan dute martxoa amaitu baino lehen beste 15 langile bidaliko dituztela etxera, eta bide batez, hori ere salatu gura izan dute gaurko elkarretaratzean.

Gaur egun 109 langile ditu Tesak.

Ferreirak esan du astelehenean izan zuten zerbitzu medikuan aldaketak egiteko asmoa zutela, eta orain arteko medikua kaleratuko zutela.

Gogorarazi du 100 langiletik gora dituzten enpresak derrigortuta daudela medikua izatera. Horren harira, honakoa esan du: "Beste 15 langile botatzen baldin badituzte, 100 langile baino gutxiago izango ditu, eta hortaz, ez du zerbitzu hori eskaini beharko. Horretaz gainera, 15 kaleratze horiekin produktibitatea hobetu nahi dutela esan digute. Tesan lana dago, ez krisia hasi baino lehen geneukana, baina gaudenendako lana badago. Ez dugu behar hori ikusten".

Negoziatzeko gertu

Zuzendaritzaren jarrera "diktatoriala" salatzearekin batera, kaleratzeak ekidin nahi dituztela eta negoziatzeko gertu daudela esan dute langileek. Ferreiraren esanetan, beste hainbat bide aztertu daitezkeela lankideak kaleratu baino lehen. Irtenbide moduan, enplegua erregulatzeko espedientea aipatu dute.

Astelehenean asanblada egingo dute ostera, eta bestelako neurriak aztertuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak