Xan Errotabehere (Kalakan): "Bilatzen dugu jendea senti dadin etxeko txokoan bezala"

Ubane Madera 2015ko uzt. 24a, 08:00
Kalakan hirukotea; ezkerrekoa da Xan Errotabehere

Eskoriatzako Errekan Gora jaialdia egunotan bukatuko da, punta-puntako gonbidatuekin: gaur, egubakoitza, Kalakan taldeak jardungo du, Santa Marina plazan, 22:30ean. Xan Errotabehere Kalakaneko kideetako batek aurreratu du Eskoriatzan egingo dutela musika herrikoa, "30-40 urteko mutil-gazteen prismatik ikusita eta sentitutakoa (…) Nahi du esan nahiko xumea izango dela: perkusio pixka bat, ahots asko, kantariak garelako batez ere, instrumentu bakar batzuk –txirula, alboka, txalaparta, noski–, eta saiatuko gara jendea gure munduan sarrarazten".

Helburua, beraz, gertutasuna da?
Eszenografia aldetik ere hori bilatzen dugu: zerbait xumea, jendea senti dadin pixka bat bere etxeko txokoan bezala, eta elkarrekin saiatzeko partekatzea kasik ordu eta erdiko kontzertua.

Eta oinarria, musika-kantu tradizionalak?
Argi eta garbi. Iparraldean garai batean sinistu izan dugu, nik adibidez ikastolan ikasi dudalako, baina gogoratzen naiz garai hartan oraindik barnekaldean leku batzuetan euskaraz kantatzea ez zegoela horren modan, edo gure aitona-amonek ez zutela egiten, eta saiatu nahi dugula erakutsi tradizio hori hor dagoela, ez dela beldurtu behar transformatzea izorratu gabe oinarria, zentzua; baina testu askok oraindik badutela zentzua. Betidanik hori egin dugu eta horretan segitzen dugu, konposizio pixka bat aurkitzen da baina nahiko minimoki.

Horrek esan gura du ikusleekin hartu-eman zuzena nahi duzuela?
Bai. Argi da artista, kantari, musikari bat, antzezle bat denean eszenatoki gainean, derrigorrezkoa du edukitzea publiko bat, eta kontzertu bat ez da inoiz zerbait ematen hutsean (…) beharrezkoak dira bai oholtza gainean direnak, bai publikoan direnak. Eta garrantzitsuena da saiatzea komunikatzea kantu bakoitzeko, momentu bakoitzeko emozioa publikoari, eta publikoak askotan, ongi pasatzen baldin badu gutxienez, transmititzen dizu hori. Hori defendatzen dugu eta horretarako ari gara saiatzen klub ez handiegietan jotzea, atxikitzeko hurbiltasun bat publikoarekin, harreman bat, komunikazio bat. Kontzertu bukaeretan diskoen salmenta txoko bat ematen dugu eta gu beti etortzen gara horra, hitz egiteko, jendeak nahi badu zerbait banatu, gustatu zaiona ez duena maitatu… harremana, transmititzea kantu horiek, hitz horiek, harreman hori sendotzeko.

Diskoak kontzertuetan saltzen dituzue bakarrik?
Hori da. Pixka bat baserri txiki bateko gazta produzitzaile batekoak bezalakoak gara. Gure apustua hori da. Balore askoz gehiago du, adibidez, norbait etortzen denean kontzertu bukaeran taldearen diskoaren erostera, horrek esan nahi du gustatu zaiola kontzertua. Eta garrantzitsua dena da kontzertuan pasatzen dena. Diskoa da produktu bat. Ongi da. Egin dugu diskoa, baina nahi dugu bakarrik kontzertu bukaeretan saldu. Garrantzitsua da publikoa etortzea, eta partekatu behar den momentua kontzertua da.

Elementuak da zuen azken diskoa. Nolakoa da?
Kontzertuan egiten genuena nahi genuen saiatu diskoan sartzen; ez daitezen izan bi lan desberdinegi. Horregatik saiatu gara egiten disko hori instrumentu gehiago gehitu gabe, moldaketa gehiegi sartu gabe, soinu poperoan, tranpa horretan ez erortzeko. Beraz, diskoa nahiko fidela da kontzertuari: perkusio asko agertuko da, ahots bakarreko kantuak ere badira, instrumental pare bat… saiatzeko mantentzen kontzertuan egiten duguna, dinamikoa, ez da monotoniarik sortu behar. Beraz, diskoa da xumea, azala ere bai, konplikaziorik gabe, baina zentzuari eta emozioari lekua utziz.

Zergatik Elementuak izena?
Bizi izan ditugun esperientziengatik gure oinarrietara itzultzeko beharra genuen. Askok burua galtzen ahalko zutelako halako gauza baten ondotik… garai batean egin genuen bideoklip bat izen hori zuena eta geroztik ez dugu erabili eta jakinda saiatzen garela beti sinpletasunari lotzen, iruditzen zitzaigun elementuak (airea, sua, ura eta lurra) fundamentuzkoak direla bizitzan eta saiatzeko fundamentuzko gauzei berriz lotzen.


Aste honetan Eskoriatzan, aurretik Oñatin eta Bergaran ere egon zineten Debagoienean; gustura etortzen zarete inguru honetara?
Bai, bai. Bergarakoaz gogoratzen naiz. Kanpoan izan zen. Ohitura hori ez dugu asko. Saiatzen garelako leku intimoetan egiten, isiltasuna behar da, kontzentrazio minimo bat lortzeko (…) Bergaran plazan izan zen, festetan, ikusten zen jendea hitz egiten eta ji ji eta ja ja… ez da leku aproposena Kalakanen kontzertu bat gozatzeko, baina guk biziki gustura pasatu genuen eta nahiz eta euria izan, jendea hurbildu zen euritakoekin… hori bada froga, nire ustez, erakusten duena jendeak kuriositatea baduela; ez dut uste hemen, Iparralden horrenbeste jende mugituko zenik euria izanda. Beraz, badut kuriositatea Eskoriatzan ikusteko nola pasako den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak