Joserra Zubizarreta: "Batzordearen osaketa ezinbestekoa da Udalerako"

Imanol Beloki 2015ko eka. 19a, 11:40
Joserra Zubizarreta alkatetzan.

Ekainaren 13ko ezohiko bilkuran udalbatza berria osatzeaz gain, datozen lau urteotan Eskoriatzako alkate izango den Joserra Zubizarretak kargua hartu zuen. Emozioz beteriko eguna izan zen harentzat, eta barru-barrutik ateratako diskurtsoa eman zuen. Dagoeneko hasi da alkate lanetan.

Nola hasi dituzu lehen egunak?

Bagoaz poliki-poliki, gauza batzuk ezagutzen ditut, beste batzuk ez… terminologia asko ikasten, firma pila bat botatzen, eta barne antolaketaz arduratzen ari naiz. Egon naiz herritarrekin, eta eskaerak jaso ditut, baina ez dira presazkoak eta uztailerako utzi ditugu… arnasa hartzen ere utziko didatela esanez.

Zein eskaera jaso dituzu?

Proposamenak aurretik egin zizkiguten, baina batzuk proiektuak aurkeztera etorri dira. Elkarte ezberdinetakoekin egon naiz, eta Udalarekin dituzten gorabeheren gainean aritu gara.

Ekainaren 13an hartu hunkituta ikusi zintugun kargu-hartzean…

Hauteskunde gauean, emaitzak ikusita, garbi neukan kargua nire eskuetara iristen bazen, nire bizitzan garrantzia izan dutenei aitortza bat eman behar niela. Hasi etxekoetatik, Raimundo nire aitaita, gudaria izan zena gerra garaian, kartzelatua egon zena, eta heriotzatik justu-justu libratu zena, edo Mariori, txikia nintzenean, txistua erakusteko, dantzan egiteko… hartu ninduena. Guztietatik jasotako abertzaletasun hori nolabait nire barruak esaten zidan horiei eskertu behar niela. Eurak barik, seguruenik beste pertsona bat izango nintzen.

Maiatzaren 24a aipatu duzu; zenbaterainokoa izan zen sorpresa, kontuan izanik kanpainan oso seguru ikusi zintugula irabazi behar zenutela esanez?

Irabazi ez, 648 boto jasoko genituela esan nion zuen lankide bati. Izan ere, Urkulluk autonomikotan horiek atera zituela eta gu Urkullu baino gutxiago ez ginela izango. Gorantza egingo genuela bagenekien, baina egia da sorpresa itzela izan zela. Aste santutik, maiatzaren 24 arte 115 pertsonekin egon ginen aurrez aurre, kezkak… komentatzen. Orain, guregan jarri duten konfiantza horri erantzun behar diogu, saiatuko gara, eta ateak beti zabalik izango ditugu.

Zein da zure asmoa, alkatetza eta irakaskuntza uztartzea?

Nire asmoa klase batzuk ematen jarraitzea zen, baina inguruko guztiek esaten didate ez dela posible. Hala, hasiera batean, aste hau da ikasleekin egingo dudan azkena, eta datorren kurtsoan ez naiz hasiko irakasle bezala, alkate lanetan ariko naiz. Hori bai, ikastolarekin hartuta nituen konpromiso guztiak bete egingo ditut, eta eszedentzia eskatuko dut.

Lau alderdik lortu dute udal ordezkaritza izatea; nola doaz gobernuaren osaketara begira hartu-emanak?

Gure proposamena landu dugu, eta ikasi behar izan dudan gauzetako bat da osoko bilkuretara joan behar diren gai gehientsuenak, batzordetik pasatu behar direla. Hori dela eta, batzordearen osaketa ezinbesteko da. Bestela, geldiarazi egingo genuke Udala, eta hori ez da gure asmoa. Momentu honetan alderdi ezberdinekin ari gara kontrastatzen, gurekin bat egiten duten… zenbaterainokoa den. Hasiera baten, gure proposamena ekainaren 25ean egingo den osoko bilkurara eramango dugu, baina ez da proposamen itxia izango. Asmoa da ahalik eta gehienok parte hartzea Udalarekiko konpromisoan.

Alkate izateaz gain, beste sailen bateko ardura hartuko duzu?

Proposamena egin dugu eta argiak izan gara egon garenekin. Antolaketa guztia, bost taldetan banatu dugu, bost zinegotzi gara; beraz niri ere tokatuko zait batzorde baten buru izatea. Hala eta guztiz, negoziaketa egingo dugu, eta ekarpenetara irekita gaude.

Euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua aipatu dituzu; mimo bereziz zainduko dituzu?

Ez da gaur egungoa nire ibilbidea euskalgintzan, baina, herritarrekin izan garenean, herrian izugarrizko zatiketa dagoela sumatu nuen. Zatiketa hori desagertzen egin beharko dugu lan, eta guztiontzako egin beharko dugu. Ekainaren 13ko nire lehenengo hitzetan, euskara nagusiki, eta erdara ere erabili nuen, oso laburtuta keiñu bat moduan, zatiketa horren lehen urratsak lantzen joateko.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Udaletxera heltzen den guztia antolatu beharra dago. Bestalde, ekainaren 25ean mahai gainean jarriko dugun lehentasunezko gai bat atez atekoaren inguruko galdeketa bideratu ahal izatea izango da. Ateratzen dena aterata, erabat errespetatuko dugu; hasieratik esan dugu herriak erabakitzen duena errespetatuko dugula.

Joserra Zubizarreta irribarretsu Eskoriatzako udaletxe aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak