Jakiak, arropak, bitxiak, jostailuak, margolanak... denetarik izan da herriko zein kanpotik etorritako artisau eta ekoizleek jarritako postuetan. Saltzaileak gustura, horien artean, azokaz-azoka ibiltzen diren profesionalak batzuk, baina baita bestelako ogibidea duten herriko zein Debagoieneko askotariko ekoizle eta eskulangileak ere. "Herrian denez azoka eta egun berezia da guretako honakoa, giro oso ona dago eta salmenta batzuk ere egin ditut" kontatu du Gemma Caballesek, Arizmendi Ikastolako irakaslea denak eta gaur artisau lanetan dabilen eskoriatzarrak. "Etxean ekoiztutako hiru garagardo mota ekarri ditugu guk eta ondo ari gara saltzen. Horrez gainera, garagardoa egiteko beharrezko tresneria eta osagaiak ere ekarri ditugu jendeari nola egiten dugun azaltzeko" dio Eskoriatzako Gerrigardo taldeko Aritz Oiangurenek.
Postu guztiak ziren deigarriak eta guztiak zeuden ondo apainduta baina honakoak izan dira aurten saria eskuratu dutenak:
- Eskoriatzako baserriko produkturik onena: Gerrigardo garagardo ekoizleak.
- Eskoriatzako artisaurik onena: Patchword taldea.
- Postu originalena: Zarauzko Panpoxak (Olaya Landa), poltsak eta askotariko osagarriekin.
Azokako produktuekin otar zozketa
Asko izan dira aurten ere antolatzaileek Ferixako postuetan batu dituzten opariak eskuratzeko zoketan parte hartu dutenak. Honakoak, bada, saritutako zenbakiak:
- Otar handia eskuratzeko zenbaki saritua: 2762 eta ordezko zenbakia, berriz: 4707.
- Otar txikia eskuratzeko zenbaki saritua:0209 eta ordezko zenbakia, berriz: 4376.
80 kilo irin talotan
Urtero moduan, eliza azpiko arkupetan izan dira aurten ere talogileak, goizeko 11:00etan hasita gelditu barik ibili dira taloak egin eta egin. "80 kilo irin ekarri ditugu eta hemen ari gara jo ta sua, gurasoak, amamak eta bestelako laguntzaileek".
Handik gertu izan da gazta lehiaketako postua ere: "Bederatzi gazta mota ekarri ditugu herrian edo ibarrean ekoiztutakoak eta horiek dastatu ondoren, dastaketan parte hartu duten herritarrek erabaki dute Aretxabaletako Gorka Leterena dela onena. Boto bakar bategatik irabazi du, oso lehiatua izan da, beraz" azaldu du Esti Aguadok, antolatzaile taldeko kideak.
Txorimaloen lehiaketan, 41 txorimalo
Aizkolaria, basoetako maitagarria, rokeroa, txirrindularia, sukaldaria, oiloa txita-kumeekin... askotariko txorimaloak egin dituzte lehiaketan parte hartu duten Arizmendi ikastolako 197 haurrek. Goizeko 10etan hasi eta 12ak bitartean izan dute aurreko egunetan ondo prestatutako panpina ikusgarriak egiteko aukera.