Eskoriatzako Ferixie Arizmendi Ikastolak antolatzen du, hainbat eta hainbat elkarteren eta herritarren laguntzari esker, hala nola Eskoriatzako Udala, herriko elkarteak, komertzioak eta ikastolako irakasleak eta familiak.
Goizean goiz, 10:00etan irekiko dituzte postuak, etxafuego jaurtiketarekin eta txistularien kalejirarekin. Ondoren, Urkabustaizko joaldunek eta trikitilariek jarraituko dute jaia girotzen, eta txistorra eta taloa jateko aukera egongo da eliza azpiko arkupeetan, boluntarioen eskutik. Gaztetxoek ondo pasa dezaten, berriz, tailerrak eta puzgarriak izango dira goiz osoan Santa Marina plazan. Urteroko txapelketek ere ez dute hutsik egingo: gazta dastatzea eta lehiaketa ikastola parean izango da, 11:30ean, aurten zazpigarren aldiz –zortzi partaide–. Txorimalo lehiaketa –41 txorimalo eta 197 ume– ere izango da, hemezortzigarrenez, eta feriako postuentzat ere izango da saririk. Horiek guztiak 14:00etan banatuko dituzte herriko plazan.
Ikuskizunik ez da falta izango
Arizmendi Ikastolako abesbatzak Herrixa kantuan emanaldia egingo du, 12:30ean, ikastola parean. Maider Belategiren Art-Fusion erakusketa ere ikusgai izango da eta Eskoriatzako dantza taldea herriko plazan izango da, 13:00etan.
Ikuskizunez gozatu ondoren, herri bazkaria izango da, pilotalekuan, 15:00etan, eta, bapo jan ondoren, AZ gaubelako Ibai Zangitu eta Mikel Alberdi aretxabaletarrek emanaldia eskainiko dute bazkalondoan.
Bosgarren txapel jaurtiketa
Arratsaldean, txapel jaurtiketa izango da, bosgarrenez, plaza aurrean. Haizea, indarra eta teknika kontuan hartu beharko dituzte parte-hartzaileek.
Hala, abileziaz, txapela urrunen eta mugen barruan jaurtitzen duenak jantziko du txapela.